Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa mistoa jokatu dute jardunaldi bakarrean abenduaren 14an Muruetan (Bizkaia). Gizonezkoetan txapeldun eta emakumezkoetan laugarren izan ondotik, Lesakako Beti Gazteko laukote mistoa hirugarren izan da, Ibarraren eta Txantrearen gibeletik.
Beti Gazteko laukotean Joxe Angel Mitxelena, Unai Leiza, Naiara Otxoteko (Etxalar) eta Andrea De Rueda (Doneztebe) aritu ziren tira, Unai Gurrutxaga entrenatzaile zutela. Beraz, Agortxeberriko Mitxelena beterano eta zailduarekin batera, hiru hasi berri aritu zirela erran daiteke eta, halere, podiumera igotzea lortu zuten.
Euskal Herriko txapelketa nagusia, urtarrilean
Muruetakoak izan ziren urteko azken tiraldiak Euskal Herriko sokatira taldeentzat. Eguberrietako atsedenaldiaren ondotik, Euskal Herriko txapelketa nagusia jokatuko dute urtarrilean. Urtarrilaren 11n, gizonezkoen 680 kiloko txapela jokatuko da jardunaldi bakarrean. Urtarrilaren 18an, emakumeen 540 kilokoa eta gizonezkoen 640 kiloko txapelketak izanen dituzte.