Eguberrietako kontzertua emanen du Berako musika eskolak asteazkenean

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 16a, 09:00

Musika eskolako ikasle gehienek hartu dute parte, eta horiekin baita Berako Abesbatzako kideek eta Petti eta Estitxu Pinatxo abeslariek ere..

Gero eta guttiago falta da Eguberrietarako, horren seinale Beran asteazkenean eginen dutela Isidoro Fagoaga musika eskolako ikasleek ohiko Eguberrietako kontzertua. 18:00etan izanen da emanaldia elizan, eta solidarioa izanen da. Bildutako dirua Guztiontzat elkartearentzat izanen da.

Emanaldi berezia izanen da, eskolako ikasleez eta irakasleez gain, Petti, Estitxu Pinatxo eta Berako Abesbatza ere ariko baitira kantuan.

Programari dagokionez, taldeka joko dituzte abestiak. Honakoak izanen dira joko dituzten kantak:

  • Jingle bell rock, biolin taldea.
  • Emakume jaio nintzen, trikitixa taldea.
  • La felicidad, helduen taldea.
  • Hello, gazte taldea.
  • Haurrak lotaratzeko soinua, txistu taldea, metalezko instrumentuak, haurren abesbatza eta hastapen mailako ikasleak.
  • Cinema paradiso, haurren abesbatza, Mari Jose Vergara pianoan dela.
  • Guztiontzat, Petti, Estitxu Pinatxo, haurren abesbatza eta musika eskolako irakasleak.
  • Deck the hall, Elurra teilatuan eta Frosty the snowman, Berako Abesbatza eta musika eskolako ikasleak.

Kontzertua debalde izanen da, baina, sarreran Guztiontzat taldearentzako dirua biltzeko postua paratuko dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!