Ixiar Andueza, Josune Pikabea eta Argi Agara

«Prestatutako janaria eramatea eta berotzea errazagoa da denentzat»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 14a, 09:30

Duela 13 urte ireki zen Hamaiketako eramateko janarien denda Beran; «etorkizuna ikusi zen negozioan, eta badirudi asmatu zela. Gaur egun eramateko janari prestatuak arrakasta haundia du eta jende aunitz etortzen zaigu egunerokoan, batez ere ortziraletan eta larunbat goizetan».

Bi motatako zerbitzua eskaintzen dute. Alde batetik «eguneroko janaria dugu, soltean edo menuan erosteko aukerarekin, lehendabiziko eta bigarren platerak, postrea eta ogia barne. 15 bat lehendabiziko eta bertze 15 bigarren izaten ditugu egunero hautatzeko». Bertze aldetik, «kartako aukerekin taldeentzako otordu haundiak egiten ditugu, bizpahiru egun lehenago eskatuta».

Horrez gain, «aukera beganoak eta begetarianoak ditugu, gero eta jende gehiagok eskatzen dizkigutelako. Lehenago gauza pare bat genituen eta orain, barazkiez aparte, falafela, hanburgesa bereziak… egunean sei bat aukera bederen izaten ditugu».

Sukaldean erabilitako produktuak «bertakoak dira gehienak, lehengaiak ahalik eta hurbilenekoak izatea saiatzen baikara beti. Janaria etxean bezala prestatua dago, produktu freskoekin eta egunean egina. Ez dugu makineriarik erabiltzen; gure sua eta labea bertzerik ez ditugu». Azaldu dutenez, «paella, arrain zopa, txipiroiak tintan eta legatza betea dira, dudarik gabe, gehien saltzen diren platerak».

Egun mugituak

Eguberrietan karta berezia prestatzen dute, «abenduko zubiaren ondotik ateratzen dugu eta urte guzian egoten denaz gain, plater bereziak izaten ditugu. Urtetik urtera gauza gutti aldatzen dira, berritasunen bat sartu edota aitzineko urtean saldu ez den zerbait kentzen dugu, gehienez ere».

Ez dute aldaketarik beharrik, izan ere, eskaera aldetik «erokeria» dela aitortu dute; «ez dakigu erraten Eguberrietan zenbat eskaera izaten ditugun, baina goizeko ordu ttikiak arte aritzen gara lanean!». Ez da guttiagorako, herrikoez gain, kanpoko bezero ugari baitituzte; «Baztan, Hondarribia, Irun, Donostia… leku aunitzetatik etortzen dira. Karta prestatu aitzinetik ere galdezka hasten zaigu jendea!».

Gainera, probatzen duten bezero gehienek «errepikatzen dutela» azaldu dute; «gaur den egunean, lehen janaria prestatzen zuten pertsonak zahartu dira, ez dute ez gogorik ez indarrik, edo ez daude. Eta gurasoen belaunaldi berriek ez dute hainbertze janari prestatzeko ohiturarik. Horregatik, egindako janariak eramatea eta berotzea errazagoa eta erosoagoa da denentzako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun