Juan Larramendiren eta Fernando Mikelarenaren lanak ikusgai izanen dituzte Berako Armi galerian

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 12a, 18:00

Juan Larramendiren margolanetako bat, Eztegara pasealekua elurtutik irudikatzen duena.

Neguko erakusketaren inaugurazioa eginen dute abenduaren 14an, larunbatean 18:00etan

Berako Armi galerian neguko erakusketa berria irekiko dute abenduaren 14an, larunbatean 18:00etan. Juan Larramendi beratarraren eta Chillidaren ihiko laguntzailea zen Fernando Mikelarenaren bina lan aurkeztuko dituzte.

Horiez gain, galerian ohikoak diren artistek ere (Mensu, Xabier Sagarzazu, Lesagibel, Elena Elbusto, Joaquin Arman eta Trini Mikelarena) beraien obrak erakutsiko dituzte.

 

Juan Larramendi Arburua (Bera, 1917-2005)

Margolari beratarra. Bidasoako eskolako kiderik ospetsuenetariko bat izan zen. Artearen gaineko ikusmolde berberari eutsi zion artistak: paisaia, paisaia, eta paisaia.

Hagitz gaztetan hasi zen margotzen. Aitaren baimenarekin, bere koloreko arkatzez apaintzen zituen etxeko sukaldeko hormak.

Naturarekin maitemindurik, Bidasoko paisaiak margotzen hasi zen. Dena den, Ricardo Barojak emaniko adoreari esker ekin zion pinturari. 1944an egin zuen lehenengo erakusketa, Bilbon. Hurrengo urtean, Iruñean erakutsi zuen obra, eta, 1946an, Donostian eta Mar de Platan (Argentinan), Flores Kaperotxipiren estudioan.

Gerraondoko giroa, egoera ekonomiko latza eta Parisen ezagutu zuen arte korrontea zirela eta, Venezuelara abiatu zen. Han sortu zen bere semea, eta utzi behar izan zuen pintura, artearekin bizitzea aski zaila baitzen. Jatetxe bat ireki zuen emaztearekin, eta baztertu egin zuen pintura. 23 urte eman zuen koadro bakar bat ere margotu gabe.

1969an Euskal Herrira itzuli eta denbora gutxira, Bilbon bertze erakusketa bat eginik, arrakasta nabarmena izan zuen han. Harrez geroztik, etengabe jarraitu zuen margotzen.

 

Fernando Mikelarena Arretxea (Legasa, 1962)

Bera prestakuntza bukatu ondotik, Fernando Mikelarena artistak Eduardo Chillidarekin lan egin zuen 1983tik 2002ra, euskal maisua hil zen arte. Bere ibilbide artistikoa pinturaren arloan hasi bazuen ere, eskulturak pixkanaka lekua irabazi du bere ekoizpenean, eta gaur egun bi diziplinak berdin lantzen ditu, material, teknika eta estilo berriak gehituz, nahiz eta bere eskulturan alabastroa erabiltzen duen nagusiki. 1990ean egin zuen here lehen erakusketa Berako Iamotenean eta urte berean erakusketak egin zituen Elizondoko Arizkunenea kultur etxean eta Azkoitiko Etxe Beltz aretoan. Euskal Herrian ezagutzera eman ondotik, 2002an Salamancako museo probintzialean egin zuen erakusketa eta Zaragoza Contemporánea (2006), Puro Arte de Vigo (2006), Arte Sevilla (2007), Artemanía de Madrid (2007, 2008), Arkale de Valladolid (2007) eta ArtMadrid (2012) ferietan parte hartu du, bertzeak bertze. Hainbat sari ere eskuratu ditu.

Fernando Mikelarenaren eskultura batzuk, bertze erakusketa batean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun