Alkoholaren kontsumoak sortzen ahal dituen arriskuez ohartarazteko nerabeentzako eta gurasoentzako kanpaina Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 13a, 18:00

San Juan Bosko, Olentzero eguna, urtezahar eguna, errege bezpera... Eguberrietako ospakizunak hurbiltzen ari direla ikusita, «nerabe eta guraso guziei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina» paratu du martxan Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Zaindu zure mugak lelopean ari da.

Mankomunitateak ohar bidez oroitarazi nahi izan du, «gaur egungo gizartean alkohola gehien kontsumitzen den eta normalizatua dugun legezko sustantzia» dela; «haren salmenta 18 urtetik goitikoentzat arautua dagoela, baina adin hori jaitsi egiten dela eta aunitzetan, adin ttikikoen esku utziz». Hala, kanpaina honen bitartez, «alkoholaren kontsumoak sortzen ahal dituen arriskuez ohartarazi» nahi dute, «eta bereziki, arreta jarri nahi dugu kontsumoa murrizteko edo saihesteko neurrietan eta aholkuetan».

Adingabe gehienak «alkoholaren arriskuez eta ondorioez kontziente» diren arren, «baliteke zaila izatea alkoholak sorrarazten duen errealitate distortsionatuan erabakiak hartzea», adierazi dute gizarte zerbitzuek. Eta «talde presioak negatiboki eragin dezakeela» gaineratu dute, «bortxan edanarazteko eta taldearen parte direla sentitzeko». Horri erantzunez, «zer, zenbat, nola, noiz eta norekin edan nahi duen ala ez norberaren erabakia» dela azpimarratu dute. «Are gehiago, bestetan kontsumitu gabe goza daitekeela adierazi behar zaie, posible baita gaueko aisialdian alkoholik gabeko pasarte dibertigarriak eta alaiak bizitzea».

Aholkuak

Hala, «kontsumo arduratsurako eta norberaren mugak sendotzeko» aholku hauek eman dituzte: «Zure beharrak ezagutu eta zeure burua zaindu, baita bertzeak ere; zalantza izanez gero, laguntza eskatu eta bertzeei lagundu; talde presioaren eragina zure erabakietan minimizatzen saiatu; gauean errespetuz gozatu, egoera bortitzak eta desatseginak saihestuz».

Gurasoei mezua

Gurasoei begira ere jarri dira kanpaina honetan: «Nerabeak estimuluz osatutako testuinguruan haien identitatea eraikitzen ari dira eta ondorioz, funtsezkoa da mugak paratzea». Baina horrekin batera, «norbere mugak lantzea eta ezartzea» gomendatu dute: «Informazioa ematea eta sustantzien kontsumoak sor ditzaketen ondorioez ohartzea, familian komunikazio ohiturak barneratu, aberastu eta sakontzea; kalitatezko denbora tarteak elkarrekin egoteko hartzea; egunerokoan izaten diren pasarte edo gertakarietan oinarrituz heziketa lana egitea...».

Azken batean, «norberak bere kontsumoari eta mugei buruzko gogoeta egitea» egitea nahi du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, «kontsumo arduratsua eta errespetuzkoa sustatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun