Azkena ziklo-kros proba eta erakusketa asteburuan Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 11a, 17:00

Larunbatean jokatuko dute laugarrenez Bera ziklo-kros proba.

Aurten bete dira 50 urte Beran munduko ziklo-kros txapelketa jokatu zenetik. Urteurren borobila ospatzeko, bertze urte batez ziklo-kros proba antolatu dute larunbaterako, eta ortziralean, aldiz, orduko argazkiekin eta dokumentuekin erakusketa ikusteko aukera izanen da.

Erakusketa ortziralean ikusteko aukera izanen da 18:00etatik aitzinera Kultur Etxean. Erakusketarekin batera solasaldia ere egitekoa zuten. Azken orduan, ordea, urtarrilera  gibelatu dute, eta urtarrilaren 3an eginen dute 18:30ean Kultur Etxean.

Ziklo-kros probari dagokionez, larunbatean jokatuko dute Bortziriak eta Agerra auzoaren arteko zelaian, Bidasoa karrikaren parean.

09:00etan hasiko da proba eta sei txandatan lehian ariko dira kategoria denetako parte hartzaileak. Proba Berako Udalak, Iruña Kirolak elkarteak, Gure Txokoa elkarteak eta CXM Events enpresek antolatu dute. Sari banaketa 14:15ean eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun