Boteluze ikastaroaren bigarren saioa ortziralean eginen dute Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 11a, 08:00

Laxoa Fundazioak eta Bortzirietako Pilota Elkarteak boteluze ikastaroa antolatu dute Berako Herriko Etxearekin elkarlanean. Abenduaren 6an egin zuten lehen saioa, eta ortzirale honetan, hilaren 13an eginen dute bigarrena 16:30etik 18:00etara Eztegara frontoian.

Hainbat helbururekin antolatu dute ikastaroa: neska-mutiko gazteak eta helduak pilota mundura erakartzeko, arauak ulertzeko eta jokoa ezagutzeko, ongi pasatzeko eta bote luze taldeak dituzten herrien kontra (Sara, Zugarramurdi, Senpere, Etxalar, Oiartzun...)  lagun arteko partidak jokatzeko.  

12 urtetik gorako pertsona orori bideratutako ikastaroa da, eta bukatzean pilotari denak gai izanen dira bote luzearen joko arauak ulertzeko eta bote luzean aritzeko.

Bortzirietako Pilota Eskolaren hitzetan, hainbat izan dira bote luze ikastaroa antolatzeko arrazoiak: kirol dibertigarria dela, taldeka jokatzen dela, pilota goxoarekin jokatzen dela, pilota modalitaterik zaharrena dela, zelai bat eta pilota bat bakarrik behar direla, edozein mailako kirolariak aritzen ahal direla eta neska eta mutikoak nahasian aritzen ahal direla. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun