Mugikor propioa izateak adingabeengan izaten ahal dituen ondorioekin kezkatuta, Gotti Burua Bortziriak taldea sortu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 4a, 18:00

Eskualdean eta inguruan gurasoak antolatzen ari direla ikusita, Bortzirietan ere antolatzea erabaki dute gurasoek. Hala sortu dute Gotti Burua Bortziriak taldea, «adin ttikikoek mugikor propioa izateak eta horrekin egiten duten erabilpenak» kezka sortzen dielako. Taldearen helburuetako bat «mugikor pertsonala izateko adina 16 urtera arte gibelatzea» da.

Lau helburu zehaztu dituzte. Horietako bat aipatutakoa da, alegia, sakelako pertsonala erabiltzen hasteko adina 16 urtetara gibelatzea. Horren harira, aitortu dute, «kontziente» direla, «gaur-gaurkoz familia aunitzetan helburu hori lortzea zaila izanen dela». Beraz, «erdibideko lorpenak ere ontzat emanen dira».

Bertze helburuetako bat heziketari lotutako da; «gure seme-alabek erabilera osasuntsua, arduratsua eta seguruagoa egin dezaten ahalbidetzea». Horrekin batera, «elkarbizitza sustatu» nahi dute: «Dagoeneko mugikorra duten haurren, nerabeen eta haien gurasoen, eta sakelakoa emateko adina gibelatu nahi duten gurasoen eta gailua eskatzen duten haurren eta nerabeen artean».

Laugarren eta azken helburua gurasoei zuzendua da: «Gurasoak seme-alaben heziketan eredu garenez, zenbait aldaketa akaso helduoi dagozkigula hausnartzea nahi genuke».

Hasteko, galdetegia

Helburu horiek begiz jota, dagoeneko ibilbide orriaren hasiera zehaztu dute. Hasteko, Bortzirietan gai honen inguruan dagoen «jarrera eta egoera» ezagutu nahi dute, eta galdetegi bat eginen dute datuak biltzeko. Ondoko egunetan sare sozialen bidez zabalduko dute eta, jakinarazi dutenez, «seme-alaba bakoitzeko bat bete beharko da». Erantzuteko hondarreko eguna abenduaren 20a izanen da.

Epe laburrera, berriz, «asmoak, nahiak eta indarguneak bateratu» nahi dituzte, «haurtzaro eta nerabezaro osasuntsuaren alde. Horretarako, estrategiak edo heziketa baliabideak eskainiko dizkizuegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun