Mairu Antzerki tailerrak Lesakako Udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz antolatutako hogeigarren Keinu Leihoak Antzerki zikloa azken txanpan sartua da. Asteburu honetan izanen dira azken emanaldiak. Abenduaren 6an, Iduzkilore Antzerki Taldeak Ihesi antzezlana eskainiko du, ortziralean 19:00etan Arranon eta abenduaren 7an, larunbatean 19:00etan, Artedrana taldeak Miñan taularatuko du Harriondoan.
Ihesi
Bi emazte bide bazterrean. Alde batetik, Sabina. Zahar etxetik ihesi, inposatua izan zaion etorkizunetik ihesi. Bertze aldetik, Marga. Familiatik ihesi, hatsik gabeko etxekandere bizitik ihesi. Ihesbidean elkartuz eta norberaren ihesaren funtsari buru eginez, gero berri bat irudikatzen ibiliko dira, jakin gabe haien ametsak zein heinetan gauzatuko diren…
Miñan
Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu.
Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbertzekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa eta Artedramak antzerkira egokitua.