Hainbat helbururekin antolatu dute: neska-mutiko gazteak eta helduak pilota mundura erakartzeko, arauak ulertzeko eta jokoa ezagutzeko, ongi pasatzeko eta bote luze taldeak dituzten herrien kontra (Sara, Zugarramurdi, Senpere, Etxalar, Oiartzun...) lagun arteko partidak jokatzeko.
12 urtetik gorako pertsona orori bideratutako ikastaroa da, eta bukatzean pilotari denak gai izanen dira bote luzearen joko arauak ulertzeko eta bote luzean aritzeko. Denera hiru saio izanen dira eta abenduaren 6an eginen duten lehen saioan zehaztuko dute parte hartzaile denen artean noiz eginen dituzten hurrengo biak.
Bortzirietako Pilota Eskolaren hitzetan, hainbat izan dira bote luze ikastaroa antolatzeko arrazoiak: kirol dibertigarria dela, taldeka jokatzen dela, pilota goxoarekin jokatzen dela, pilota modalitaterik zaharrena dela, zelai bat eta pilota bat bakarrik behar direla, edozein mailako kirolariak aritzen ahal direla eta neska eta mutikoak nahasian aritzen ahal direla.