Bortzirietako Eguberrietako Haur Txokoan izena emateko hondarreko egunak dira

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 4a, 10:00

Eguberrietako Haur Txokoa antolatu du aurten ere Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak. 3-12 urteko haurrei zuzendua da eta izena emateko epea azaroaren 25etik abenduaren 6ra arte dago zabalik. Apuntatzeko hondarreko egunak dira, beraz. Bortzirietan erroldatutakoek 30 euro ordaindu beharko dute eta erroldatuta ez daudenek 35 euro. 

Herriz herri egutegi diferentea izanen du haur txokoak. Igantzin eta Lesakan abenduaren 23an, 26an, 27an, 30ean, 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an eskainiko dute; Arantzan eta Beran abenduaren 23an, 24an, 26an, 27an, 30ean eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an eta Etxalarren abenduaren 23an, 24an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an. Denak 10:00etatik 13:00etara izanen dira.

Haur Txokoaren helburua haurrek haien denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat izatea da. Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat eman nahi diete seme- alaben heziketa euren lanarekin edota denbora librearekin bateratu ahal izateko.

Haur txokoaren oinarriak, informazioa eta izena ematea eskuragarri daude hemen. Zalantzetarako deitu 650 758 454 telefono zenbakira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun