Abenduaren 5etik 8ra eginen dituzte Igantziko Kultur Egunak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 29a, 16:00

Heldu den ortzegunean hasi eta igandera arte eginen dituzte aurtengo Kultur Egunak. Irudian, iaz egindako patata tortilla txapelketa.

Bertze urte batez Kultur Egunak prestatu dituzte Igantzin. Heldu den astean eginen dituzte, ortzegunean hasi eta igandera arte, eta solasaldia, bakarrizketa, dantza emanaldia, haurrentzako jokoak eta tortilla patata txapelketa izanen dituzte.

Heldu den ortzegunean, abenduaren 5ean hasiko dira Kultur Egunak hitzaldi batekin. Irulegi: bidaia arkeologiko bat eskuaren herrixkara mintzaldia emanen du Aranzadi elkarteko Mattin Aiestaranek. 19:00etan izanen da Eskolzarrean.

Biharamunean, abenduaren 6an, ortziralea 16:30ean haurrentzako eskulan tailerra eginen dute eskolan. Ilunabarrean, 19:00etan, Bea Egizabal umoregilearen Magma Mia bakarrizketa izanen da Baratzondon.

Larunbatean, abenduaren 7an,  egun osoko egitaraua antolatu dute. 10:30ean II. Dantzari Ttiki Topaketa eginen duten herrian barna eta frontoian. Arratsaldean, 16:30ean, haurrentzako eta gaztetxoentzat jokoak izanen dituzte frontoian, eta 17:00etan mus eta partxis txapelketa eginen dute Baratzondon.

Kultur Eguna bukatzeko, igandean, hilaren 8an, patata tortilla txapelketa eginen dute frontoian 11:00etan.

Kultur Egunak Igantziko Udalak, Biltoki elkarteak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baratzondo elkarteak, Biltoki Ttikik, Guraso elkarteak eta Igantziko Dantza Taldeak antolatu ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun