NIE 2024 Saria ere irabazi du Martxel Rodriguez lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 29a, 20:00

Martxel Rodriguez dantzari lesakarrak NIE Saria 2024 irabazi du. Argazkian, 2017ko Artea Oinez erakusketaren aurkezpenean.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak ematen duen NIE Saria 2024 irabazi du Martxel Rodriguez Etxabide lesakarrak, «arteari eta bereziki dantzari dedikazioz eta pasioz beterik egindako ekarpenagatik. Eta, hori baino gehiago, gizatasun eredu delako, inspirazio-iturri delako eta benetako altxor ingurukoentzat».

1990an Lesakan jaio zen Martxel Rodriguez Etxabide eta Haur eta Lehen Hezkuntza ikasketak Tantirumairu iIkastolan egin eta Berako Labiaga ikastolan bukatu zuen derrigorrezko heziketa. Hori dela eta, «ikastola mugimenduarekin duen lotura sendoak eta euskara eta euskal kulturarekiko baldintzarik gabeko maitasunak, munduko bazter guztietara harrotasunez eramaten dituenak, merezi dute gure aitortzarik handiena», dio Nafarroako Ikastolen Elkarteak.

Gogoratu behar da berriki, Martxel Rodriguez berak eta Jon Lopez madrildarrak zuzentzen duten Led Silhouette konpainiak Radio Nacional de España (RNE) irratiak emandako El Ojo Crítico Saria ere irabazi duela, dantza atalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun