Erabilitako olioarekin garbigailurako xaboia egiteko aukera izanen da Bortzirietako Garbigunean abenduaren 13ra arte

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 28a, 14:00

Gaur goizean aurkeztu dute Bortzirietako Garbigunean olio erabilia garbigailurako xaboi bihurtzen duen Yenxa makina. Garbigunean dago makina, eta abenduaren 13ra arte izanen dute aukera herritarrek erabiltzeko. Proiektuaren helburua olio xahuketa murriztea, eta bigarren erabilera bat ematea da.

Harraskara botatzen den olio litro batek 1000 litro ur kutsatzen ditu. Datu gordina eman dute gaur goizean garbigunean egindako aurkezpenean. Hori ekidin nahi du Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak, eta horretarako makina berritzaile bat aurkeztu dute: Yenxa. Nafarroan sortutako prototipoa da, eta olio erabiliarekin garbigailurako xaboia egiten dute. 15 egunez, abenduaren 13ra arte egonen da Bortzirietako Garbigunean, eta bertara joateko deia luzatu dute mankomunitateko kideek.

Aurkezpenean Bortzirietako bortz udaletako ordezkariak, eta Nafarroako bertze hainbat mankomunitateko ordezkariak izan dira, eta baita Yenxa makina sortu duten enpresako ordezkariak ere. Hala ere, protagonistak Berako Labiaga ikastolako eta Ricardo Baroja eskolako eta Lesakako Irain eskolako haurrak izan dira. Adi-adi aditu dituzte makinaren inguruko azalpenak eta beraiek izan dira lehenak makina probatzen. Olio erabilia sartu, eta xaboi lortu dute trukean, eta nork bere eskolara eraman du xaboi hori.

Ana Martinez Yenxa makina sortu duen  Soluciones Circulares S.L enpresako arduradunak azaldu duenez  sei urte eman dituzte makina garatzen, eta gaur egun munduan dagoen makina bakarra da garbigunean paratu dutena. Makina probatu nahi dutenei errezelorik ez izateko eskatu die, eta azaldu du marseilla usaina duela, eta erabili aitzinetik pixka bat nahastearekin aski dela.

Garbigunera joaten direnek, beraz, erabilitako olioa eramanda bi gauza hartuko dituzte trukean: marseilla usaina duen garbigailurako xaboi botila bat, eta olioa botilan sartzeko inbutua. Inbutuarekin batera, triptiko bat ere hartuko dute informazioarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun