Oraindik urtea bukatzeko denbora falta bada ere, bukatu bezain agudo iristen da bertsozaleen urteroko hitzordu nagusienetako bat: Bertso Eguna. Azken urteotan egin den moduan, lurraldez aldatuko da aurten ere eta Lesakan bilduko dira Euskal Herri osoko bertsozaleak. Urtarrilaren 25ean izanen da bertsoaren festa handia, eta egun osoko plana ari da antolatzen Bertsozale Elkartea, Laboral Kutxa, Lesakako Udala eta Bortzirietako bertso-eskola lagun dituela.
Goizetik hasita egun guztiko egitaraua izanen da, bertsolarien ibilbidetik hasi eta sagardotegian afaltzeraino.
Abenduaren 16an paratuko dituzte sarrerak salgai bertsosarrerak.eus atarian, eta orduan emanen dituzte xehetasun gehiago.
Urtez urte, lurraldez lurralde
Egun, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da, baina ez da beti horrela izan. Bertso Eguna, bere horretan, 1995etik antolatzen bada ere, hiru hamarkada lehenagotik ere ospatzen zen gisa horretako besta: 1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria, Bertsolari Eguna.
Bere izenarekin bat, hasiera hartan garaiko hainbat bertsolari omentzeko eguna izaten zen: Donostian antolatzen zen. 1987an sortu zen Bertsozale Elkartea, eta bere gain hartu zuen egunaren antolakuntza, Donostiako Udalarekin elkarlanean betiere. Horrela izan zen, harik eta 1995ean izena eta formatu aldatu zituen arte: Bertsolari Egunetik Bertso Eguna izatera pasatu zen, eta omenaldi kutsua alde batera utzi zuen.
Bertso Egunaren hurrengo pausoa izan zen, gaur egungo formara iritsi arte, Donostia utzi eta herrialdez herrialde mugitzea: 2018tik aurrera horrela da, herrialde osoan eragitea baitu helburu. Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan ziren, eta 2023an egun osoko plana antolatzeari ekin zioten berriro ere.