«Gauza aunitz pasatu dira hogei urte hauetan –dio Mairu Antzerki Tailerrak–, batzuk gure istorioak dira, bertze batzuk historia. Ikusi ditugu jarrita aulki hutsen artean, frontoiko harmailetan, baita plazako harrian ere, besaulki erosoetan ohitu garen arte, erosoegi agian. Baina oraindik badugu motiborik altxarazten gaituztenak urtero leihoak irekitzera; euskarazko antzerkiari arnasa ematea».
Lehen emanaldia abenduaren 1ean, igandean 18:00etan eginen dute Harriondoa kultur etxean. Metrokoadroka Kolektiboaren Artxibo biluzia antzezlana ikusgai izanen da. Sarrerak 6 eurotan salgai daude udalaren webgunean.
Sinopsia
Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituen; «Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki», kontatuko zuen beranduago. Artxibo biluzia pieza sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatuko dugu, eta baliabide eszenikoekin betetzen saiatu gara, gure buruari eta publikoari galdera hau eginez: «zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?».
Konferentzia performatiboa, dokumentu-antzerkia eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen, dokumentu bat akzioa fisikoaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian
Heldu den astean hiru emanaldi
Abenduaren 3an, Amaia Bonoren Belarriprest ikusgai izanen da, asteartean 18:00etan Harriondoan. Abenduaren 6an, Iduzkilore Antzerki Taldeak Ihesi antzezlana eskainiko du, ortziralean 19:00etan Arranon.
Abenduaren 7an izanen da aurtengo ziklo honetako emanaldi nagusia, Artedrama taldeak Miñan taularatuko baitu. Harriondoan, larunbatean 19:00etan izanen da emanaldia. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa eta Artedramak antzerkira egokitua.