Roman Dornaku Olaetxearen bizitza eta lana hizpide izanen dituzte ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 26a, 16:00

Beralandetan izanen da solasaldia 19:00etan.

2020an hasitako bideari segituz, aurten ere 'Uscaldunac garen ezquero' ekimenaren barrenean ekitaldi bat antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Aurtengoa hitzaldi marraztua izanen da, eta Beralandetan eginen dute, azaroaren 29an, 19:00etan, Mikel Lakasta hizlariaren eta Iñaki Martiarena 'Mattin' marrazkilariaren eskutik.

Juan Maria Roman Dornaku Olaetxearen (Bera, 1877-Hondarribia, 1959) bizitza eta lana hartuko dituzte hizpide. Fraide kaputxinoa izan zen, eta Filipinetan egon zen misiolari. Bertako hizkuntzak ikasi zituen eta euskarazko hiztegi bat ere egin zuen.

Arlo aunitzetan aritu zen eta hagitz emankorra izan zen. Bertzeak bertze, Berako ereserkia ere egin zuen Joaquín Goia apez beratarrak Poesías de tres veratarras en euskera / Iru beratarren euskal bertsoak liburuan (1980) Dornakuren poemak bildu zituen, Larramendiren eta Aldaberen poemekin batera.

Ekitaldian, Lakastak Dornakuren biografia azalduko du, munduan barrena egindako ibilbide aberatsaren berri emanen du eta hizkuntzalari eta idazle gisa egindako lan oparoa aurkeztuko du. Eta bitartean, hori guzia Mattinek bere marrazkien bidez ilustratuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun