'Mugarri' musika eta antzerki ikuskizuna taularatuko dute larunbatean lehenengoz Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 27a, 08:00

Mugarri antzerkian oholtzan aritzen den taldea. Larunbatean eginen dute estreinaldia.

Ibardingo muga abiapuntu duen 'Mugarri' antzezlana taularatuko du larunbatean Jokai konpainiak Berako Kultur Etxean lehenengo aldiz.. Musika eta antzerkia ardatz dituen ikuskizuna da eta euskaraz izanen da 18:30ean. Sarrerak dagoeneko hemen paratu dituzte salgai. Ordubeteko ikuskizuna da.

Beran eta Beratik sortutako ikuskizuna da eta Ibardingo muga du oinarri. Honakoa da ikuskizunaren sinopsia:

Bi begirada, bi istorio eta leku bera, Ibardingo muga. Lehenengo begirada Maria artzainarena da; borda batean bizi da, Ibardin gainean, bertan ditu ardiak. Bere kontakizunek gertakari politikoei dagokienez urte nahasiak islatzen dituzten bizipenak kontatzen dituzte: Gerra Zibila, gerraostea, II. Mundu Gerra.

Bigarren begirada Kontxi alabarena da, zeinak borda benta batean bihurtuko duen. Bere bizipenek gaur egun mugan gertatzen diren arazoak jorratzen dituzte: migrazioa eta mugaren inguruan bizi diren biztanleen egunerokotasunari eragiten dioten erabaki politikoak.

Tere Sarriguren da aktorea eta musikariak ere lagun izanen ditu oholtzan: gitarrarekin Cecilia Moreno, biolontxeloarekin Eñaut Zubizarreta, biolinarekin Julen Lezaun, txalapartarekin Jabier Leoz eta Sergio Lamuedra eta ahotsean Maitane Urbizu, Jabier Leoz, Julen Lezaun.

Jabier Leoz da zuzendari artistikoa eta Jon Artola zuzendari laguntzailea, eta  bi horiek aritu dira ekoizpenean eta eszenografian ere. Testuak ere Jabier Leozek egin diitue.

Horiekin batera, musika sortzen Julen Lezaun, Igor Telletxea eta Jabier Leoz aritu dira; moldaketak egiten Igor Telletxea, Nerea Urbizu eta Angle Unzu, eta letrak egiten Julen Lezaun eta Dani Irazoki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun