Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketako finalean izanen dira Beti Gazteko emakumeak eta gizonezkoak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 25a, 17:00

Beti Gazteko gizonezkoen laukotea larunbatean Antsoainen. Tiraldi guztiak irabazita lortu zuen finalerako txartela. Argazkia: Potronko

Gizonezkoen taldea lehenbizikoa izan zen bere multzoan Antsoaingo jardunaldian eta emakumeak laugarren

Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa larunbatean abiatu zen Antsoainen, gizonezkoen 310 kiloko eta emakumeen 250 kiloko kanporaketekin. Bi kategoria hauetan Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra eta bietan lortu du azaroaren 30ean jokatuko den finalerako txartela.

Gizonezkoen lehiaketan, hamaika talde aritu ziren, bi multzotan banatuak, finaleko sei txartelen bila. Multzo bakoitzeko hiru lehenbizikoak sailkatu ziren finalerako eta A multzoan, Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak eta honenbertzez, lehenbiziko postua eta finalista izanen da. Leaskarrekin batera, Ibarrak eta Zuraide Dk lortu zuten finalerako sailkatzea. Ñapurrak A, Zuraide C eta Antsoain B kanpoan gelditu ziren. B multzoan, berriz, Txantrea izan zen onena eta berekin batera, Ñapurrak B eta Zuraide Ak lortu dute finalean sartzea.

Emakumezkoen txapelketan, lesakarrekin batera, Araxes, Badaiotz, Antsoain A, Antsoain B, Txantrea eta Ibarra lehiatu ziren, zazpi talde guztira, finaleko sei txartelen bila, multzo bakarrean.

Txantrea izan zen onena, tiraldi guztiak irabazita. Araxesek eta Ibarrak berdindu egin zuten bigarren postuan eta Beti Gazte laugarren izan zen. Antsoaingo bi taldeek ere lortu zuten finalera sartzea eta Arabako Badaiotz izan zen kanpoan gelditu zena.

Beti Gazteko emakumeak laugarren izan ziren Antsoainen, baina finalerako sailkatzea lortu dute. Argazkia: Potronko

Aipatu bezala, azaroaren 30ean jokatuko dituzte kategoria hauetako finalak Txantrean eta abenduaren 14an jokatuko da txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean Muruetan (Bizkaia)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun