Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa larunbatean abiatuko da Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 22a, 17:00

Beti Gazteko emakumeak launaka, 2021eko txapelketan.

Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta gizonezkoen eta emakumezkoen laukoteekin abiatuko dira txapelketan eta talde mistoa ere paratuko dute goma gainean

Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa azaroaren 23an abiatuko da Antsoainen, larunbatean 17:00etan hasiko den jardunaldiarekin. Zehazki, gizonezkoen 310 kiloko eta emakumeen 250 kiloko kanporaketak eginen dituzte. Azaroaren 30ean Txantrean eginen dituzte kategoria hauetako finalak eta abenduaren 14an Muruetan (Bizkaia) jokatuko da txapelketa mistoa (280 kilo).

Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta kategoria guztietan plazaratuko ditu laukoteak. Emakumezkoen txapelketan, lesakarrekin batera, Araxes, Badaiotz, Antsoain A, Antsoain B, Txantrea eta Ibarra lehiatuko dira, zazpi talde guztira. Gizonezkoen lehiaketan, berriz, hamaika talde izanen dira. Beti Gazterekin batera, Ñapurrak A eta B, Zuraide A, B, C eta D, Antsoain A eta B, Txantrea eta Ibarra ariko dira.

Txapelketa mistoan, azkenik, Beti Gazte, Badaiotz, Bizindar, Antsoain A eta B, Txantrea eta Ibarra A eta B ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun