Hitanoari buruzko hitzaldia antolatu dute abenduaren 4an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 22a, 18:00

BeƱat Muguruzak eskainiko du hitanoari buruzko solasaldia.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hikari buruzko solasaldia antolatu du EHUko irakasle eta ikertzaile den Beñat Muguruzarekin, abenduaren 4an, asteazkenarekin, 18:30ean, Lesakan, Koskontako bideko udal aretoan.

Euskara mankomunitateak badu kezka hika moldearen erabilerari buruz, eta bere planean jasoa du hitanoaren erabilera eta hedapena sustatzea. Horretarako, urteotan hitano ikastaroak antolatu dira eta hitanoa praktikatzeko taldeak izan dira Solaslagun egitasmoaren barne.

2023ko irailean Bortzirietako Euskaltegiak eta euskara mankomunitateak 10 orduko ikastaro motza antolatu zuten elkarlanean. Bortzirietako euskaltegiko irakasleak prestatu eta eman zuen ikastaroa, eta hagitz arrakastatsua izan zen. 13 lagunek parte hartu zuten balorazioa hagitz baikorra izan zen. Hika moldearen egoera eta etorkizunari buruzko kezka behin baino gehiagotan agerian gelditu zen ikastaroan zehar. Kezka horri erantzunez, euskara mankomunitateak gaia sakon aztertzeko hitzaldia antolatu du.

Beñat Muguruza hizlari

Horretarako, Beñat Muguruza gonbidatu dute, EHUko irakaslea eta azken urteotan Garbiñe Bereziartuarekin batera hitanoa ikertzen buru belarri dabilena.

Abenduaren 4ko solasaldian, honako gai hauek izanen ditu hizpide Beñatek:

  • Iragana eta oraina: egoera orokorretik (EH) bertako egoerara (Bortziriak).
  • Generoaren auzia.
  • Geroa: zergatik eutsi hitanoari?
  • Berreskuratzeko egitasmoak: zer mugimendu dago, eta nola ekin Bortzirietan?

Mankomunitateak Bortzirietako herritarrak oro har, eta euskalgintzako eragileak bereziki gonbidatu nahi ditu hitzaldi honetara, hitanoaren egoeraz eta etorkizunaz gogoeta egin dezagun guztion artean. Euskara mankomunitateak heldu den urtean plan estrategiko berria landuko du, eta hitanoaren sustapenari buruzko ideiak eta proposamenak biltzeko aukera aproposa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun