200 azienda baino gehiago plazaratu dituzte Lesakako ferietan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 22a, 10:00

72 behi azienda, 98 zaltabere eta zortzi artalde aurkeztu zituzten lehiaketara

Giro ederrean joan ziren Lesakako feriak ortzegunean. Goizean eguraldi polita izan zuten eta goizeko lehen ordurako erakusgai paratu zituzten aziendak Plaza Zaharrean eta inguruan. Denera, 200 buru baino gehiago epaitu behar izan ziren: 72 behi azienda, 98 zaltabere eta zortzi artalde.

Ondotik,  plaza jende bildu da 11:00etan egin duten herri kirol erakustaldian. Hamaika kirolari aritu dira: Maika Ariztegi, Nerea Sorondo, Xanta Souza, Uxue Ansorregi, Jon Telletxea, Endika Goia, Oier Larretxea, Donato Larretxea eta Patxi Larretxea aizkoran eta Estefi Etxebeste eta Jokin Eizmendi harri altxatzen. Ordubete pasatxo aritu dira lanean, eta erakustaldi ederra eskaini dute. 

Herri kirolak bukatuta, Oihana Iguaran eta Julio Soto bertsolariek bertso saio ederra egin dute, euskal presoak etxeratzeko eskatzen zuen elkarretaratzea egiten zen bitartean. Goizeko ekitaldiak bukatzeko, aldiz, behi azienden lehiaketako sari banaketa egin dute. Honela gelditu dira sariak:

  • Haragitako behien kategorian lehen eta hirugarren sariak Arantzako Uxainekobordako Joseba Bergarak eskuratu ditu eta bigarren saria Lesakako Jon Muñoak.
  • Esnetako behien kategorian, lehenengo eta hirugarren saria Berako Begibeltzeneko Bordako Joxean Igoak eskuratu ditu eta bigarrena, Lesakako Francisco Javier Alzugaraik.
  • Larre behien kategorian lehenbiziko bi sariak Lesakako Joseba Almandozentzat izan dira eta hirugarrena Lesakako Aitor Muñoarentzat.
  • Zaldi onenaren kategorian lehenengo saria Maria Jesus Maia lesakarrak eskuratu du, bigarrena Jon Muñoa lesakarrak eta  hirugarrena Joxean Igoa beratarrak.
  • Larre behorren kategorian, Maria Soledad Etxepare lesakarrak lortu du lehen saria, bigarrena Oihan Olaizola lesakarrak eta hirgarrena Xabier Balda beratarrak. 
  • Monturako behorretan Lesakan gelditu dira hiru sariak. Lehenengoa Oihan Olaizolak lortu dueta  bigarrena eta hirugarrena, Maria Soledad Etxaparek. 
  • Pottoka onenaren hiru sariak Berara joan dira. Hiruak irabazi ditu Fermin Maritorenak.
  • Ponni onenaren kategorian, lehen saria Lesakako Jon Muñoak eskuratu du, bigarrena Berako Joxean Igoak eta hirugarrena berako Sergio Hernandezek.
  • Artalde onenaren sariei dagokionez, Francisco Javier Altzugarai lesakarrak lortu du lehenengoa, bigarrena Berako Alejo Martikorenak eta hirugarrena Berako Ana Maria Irigoienek. 
  • Aspina-Conaspik behi pirenaika onenari emandako sariak Berako Joxean Igoa eta Lesakako Francisca Otxotekoren buruentzat izan ziren.

Eguraldia aunitz petraldu bazen ere, bazkalondoan segida izanen du feria egunak. Arratsaldean emakumeen eta gizonezkoen pilota partidak izan ziren udal pilotalekuan eta dantzaldia plazan, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagarekin. 19:00etan Beti Gazte Kantarik emanaldia eskaini du Alondegian.

Zerriaren elkartasun zozketan, 2.998 suertatu zen zenbaki sariduna eta Nati Martikorenak eramanen du zozketatutako zerria.

 

Ajoarriero lehiaketa

Bezperan Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketan, Bortzirietako Gorriak taldeko Juani Etxepare eta Alicia Martin suertatu ziren garaile, talde bereko Joselito eta Xabi bigarren eta Mastegi taldeko Iñigo Aranetaeta Jabier Zubieta hirugarren. Beti Gazteko Amaia Telletxearen eta Lesakako udalaren izenean, Eneko Fernandez zinegotziaren eskutik hartu zituzten sariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun