Udalak eta BixtuBerak erdibana egin dute 62.251,93 euroko inbertsioa, eta sortuko den energia ere erdibana banatuko dute. Udalak bere jabetzako hainbat instalazio hornitzeko erabiliko du energia, eta BixtuBerako 50 bazkidek baliatuko dute energia, bazkide bakoitzak egindako inbertsioaren arabera.
Instalazioak 102,375 kWp-ko potentzia edukiko du. 175 eguzki panel paratu dituzte kiroldegiaren hegoaldeko teilatuaren azalera osoa hartzen dutenak. Sortuko den energiaren % 80 baino gehiago autokontsumitzea espero da, eta soberakina sarera itzuliko da. Inbertsioa egin dutenen argindar kontsumoaren % 22 inguru sortzea aurreikusten da. Instalazioari esker, urtean 28 tona CO2 gutiago isuriko dira.
Egitasmoarekin BixtuBera energia komunitateak bere lehenbiziko instalazioa paratu du martxan. Herritarrak sentsibilizatzen eta informatzen segituko du, ekimen desberdinen bidez, eta heldu den urtean bigarren instalazio bat martxan paratu nahi dute, eta aurreratu dute horretarako bazkide berriak beharko dituztela.
Energia oinarrizko eskubidea aldarrikatzeko, energia enpresa handiekiko mendekotasuna gutitzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko helburuarekin sortu zuten kooperatiba iaz, eta gaur egun 70 bazkide ditu. Energia burujabetzan urrats gehiago egiteko asmoa du, eta kontsumo arduratsua eta jasangarria bultzatu nahi du, kontsumo ohituretan eraginez.