'Hamarreko bitxia' liburua aurkeztuko dute Lesakan ortziralean

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 20a, 10:00

Jon Abril beratarrak eta Gaizka Sarasola lesakarrak 'Hamarreko bitxia' liburua aurkeztuko dute ortziralean Lesakako liburutegian.

Hamarreko bitxia liburuaren aurkezpena eginen dute azaroaren 22an, ortziralean, 18:30ean, Lesakako liburutegian. Liburuaren hamar egileetatik bi (Gaizka Sarasola lesakarra eta Jon Abril beratarra) izanen dira euskaraz eginen den aurkezpenean. Jarduera egiten den bitartean, gainontzeko liburutegi zerbitzuak eten eginen dira.

2023an Udalbiltzak euskarazko sormen-lanak sustatzeko Geuretik Sortuak bekak bultzatu zituen, bigarrenez. Udalbiltzaren egitasmo honetan 39 udalerrik parte hartu zuten, tartean Berak eta Lesakak, eta lau diziplinetako 22 sortzaileri beka bana eman zitzaien literaturan, komikigintzan, zinemagintzan eta antzerkigintzan euren lanak garatzeko. Literaturako hamar lanen artean Bortzirietako bi egilek eskuratu zuten beka, Gaizka Sarasola lesakarrak eta Jon Abril beratarrak. Sarasolak Larrabetzun egindako egonaldiarekin ondu zuen Desagertzen lana; eta Abrilek, berriz, Atharratzen egin zuen egonaldia, eta Odolustu lana osatu.

Joan den udaberrian literaturako hamar lanak biltzen dituen Hamarreko bitxia liburua argitaratu zen, tartean Sarasola eta Abrilen lanak daude. Euren lana aurkeztuko dute Bortzirietako bi egileek Lesakako emanaldian.

Sarasolak atzerrian urte luzez bizi ondoren, herrira itzuli den Margariren istorioa kontatzen du bere lanean. Herrian egon diren aldaketak ikusiko ditu fikziozko pertsonaiak, gauza batzuk desagertuko dira, bertze batzuk bazterrean gelditu. Literaturaren bidez desagertze horietan sakondu du Sarasolak.

Abrilek, aldiz, herri ttikien hustutzea du hizpide, Atharratzen bizi diren bi emakumeren arteko maitasun-istorioaren bukaeraren bidez. Zerbitzu faltak, etxebizitzaren arazoa, hirietara migrazioa… kontatzen dira, bi pertsonaien maitasun-kontuen gorabeherak tarteko.

Geuretik Sortuak ekimenak Euskal Herria kontatzea du helburu. Euskal Herriaren kontakizun sentikorra du xede, euskaraz kontatua. Izan ere, euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala da Geuretik Sortuak. Sormenerako beka ez ezik, lanen zabalkundea eta jende aitzineko emanaldiak ziurtatzen dizkie bekak egileei.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun