Saioan ikasleek hainbat galdera egin zituzten Elkarrizanen lanaren inguruan: zer egiten duten, non, norekin, zenbat ordu eskaintzen dituzten urtean eta zenbat boluntario diren...
Ekimenaren helburu nagusia gazteak sentsibilizatzea da, boluntariotzaren balioa ezagutu eta etorkizunean boluntario izateko hazia landatzea. «Boluntariotza elkartasuna baino aunitzez gehiago da: besteak laguntzen ditugun bitartean, guk ere ikasten dugu, hazten gara, eta gure inguruko komunitatearen parte sentitzen gara», nabarmendu zuen Mayte Sanzek.
Elkarrizan taldeak Bortzirietan lan egiten du hainbat alorretan bertzeak bertze, zahar etxeetan, etxeetan, mediku kontsultetara laguntzen, garraioan eta etorkinei klaseak ematen. Urtero, 62 boluntariok 3.000 ordu baino gehiago ematen dituzte lan solidario horietan.
Jokin Apezetxeak azpimarratu zuen boluntariotza ezinbertzekoa dela gaur egungo gizartean dauden hutsuneei aitzin egiteko eta komunitatean kohesioa eta elkartasuna sustatzeko. «Haurrek gaztetatik ulertu behar dute laguntzea ez dela bakarrik ematea; jasotzen den aberastasuna, ikaskuntza eta emozioak neurgaitzak baitira,» gehitu zuen.
Saioak ikasleen interes handia piztu zuen, eta galderak ugari izan zituzten ikasleek. Boluntariotzaren inguruko zalantzak argitzeaz gain, boluntario izatearen garrantzia eta aberastasuna ere azpimarratu zituzten
Atzo egindako ekimena Elkarrizan taldeak gazteen artean boluntariotza sustatzeko hasi duen estrategiaren parte da. Izan ere elkarteko kideek nabarmendu dutenez, «hazia ereinda, etorkizunean gure komunitatea indartuko duten boluntario berriak haziko dira».