600 eurotan baloratutako bidaia zozketatuko du Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 15a, 14:00

Gurekin elkarteko zenbait kide, joan den urtean prestatutako muralaren aitzinean.

Azaroaren 15etik abenduaren 4ra egiten diren erosketen truke eta abenduaren 6ko Eguberriko Azokan eginen dute zozketa

Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteak bezeroen fideltasuna eskertzeko kanpaina abiatu du, Lesakako Udalaren laguntzarekin. Honela, azaroaren 15etik abenduaren 4ra arte egiten dituzten erosketen truke, Berako B. Travel bidaia agentzian, 600 eurotan baloratutako bidaia baterako opari txartelaren zozketan sartuko dira (izen-abizenak eta telefonoa txartel batean apuntatu eta kaxa batean sartu beharko dute). Zozketa Eguberrietako Azokan eginen dute.

Eguberrietako azoka abenduaren 6an

Eguberrietako Azoka abenduaren 6an, ortziralean 10:00etatik 18:30era eginen dute. Intzuri, Pittin, Kattagorria, Amura, Txirula, Txinelka, Ortzadar eta Comercial Maria Jesus komertzioek paratuko dituzte postuak eta bezeroek, erosketarekin batera, Arranon, Koxkilan, Zantzonean eta Jubilatuen Ostatuan pintxoa opari izanen dute. Elkarteko postuez gain, Lesakako artisauek ere paratuko dituzte bere salmahaiak, baita Tantirutalo postu solidarioa ere, Izan Iñurri elkartearen alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun