Gehigarria: etxebizitza

«Etxearen isolamenduari garrantzia haundia ematen zaio gaur egun»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 17a, 09:00

Duela 15 urte abiatu zuten Larreta igeltsu eta pladur lanen enpresa Gorka Arretxeak eta Juanen Saralegik. Hala ere, «lehenagotik arituak ginen, 24 urteko esperientzia dugu igeltsuaren munduan».

Azaldu dutenez, «bertze batzuentzat lanean aritzen ginen, baina krisiaren ondorioz lana jautsi zen eta 2009an nagusiari material pixka bat eta makina erosi genion eta gure kabuz segitzea erabaki genuen». Egindako bidearekin kontent daude; «hasieran zailago izan zen, jendeak ezagutu arte, baina ongi joan da eta zorionez lana izan dugu».

Igeltsu eta pladur lanetan denetik egiten dute, isolamendu termikoak eta akustikoak, tabikeak, igeltsu proiektatua, fatxadak, gotelea kentzea… «orain igeltsua hagitz gutti egiten da, etxebizitzen % 90ean pladurra erabiltzen da eta horretan aritzen gara gehiena».

Goteleari dagokionez, «lehenago modan zegoen baina orain pisu aunitzetan eskatzen digute kentzeko. Horretarako igeltsu edo masa kapa bat ematen dugu gainetik, pareta finduz. Eskaiola moldurak ere gaur egun ez dira jartzen, noizbehinka konponketaren bat egiteko ez bada».

Isolamendu termikoa «aunitz aldatu da urteekin. Garai batean, paretetan danbor tabike izenekoak paratzen ziren eta adreiluak egiten zuen isolatzaile lana. Gaur egun tabikeak pladurrarekin egiten dira eta tartean kristoren isolamendua sartzen zaie, bai etxeko kanpoko paretetan eta baita barnealdean ere». Izan ere, «garrantzia handia ematen zaio; etxeak hermetikoki itxiak izaten dira, aldaketa termikoa ahalik eta guttiena izateko. Lehen leihoak irekitzen aireztatzen zen etxea, orain etxea bera aireztatzen da, bere mekanismoen bidez».

Gainera, «isolatzeko modu aunitz daude eta arkitekto eta aparejadore bakoitzak bere lan egiteko modua du: pladur, dentsitate eta lambda desberdinekin, lurrun barrerarekin…». Dena dela, teknologiari eta lan egiteko berrikuntzei esker, «kanpoan hotza zein beroa egin, barnean ez da aldaketa handirik izaten eta tenperatura berdin mantentzen da urte guzian. Bezeroak aunitz nabaritzen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun