Bidasoko Bide Berdea kudeatzen duen eta Baztan-Bidasoko udalak batzen dituen Uraren Bailarak erakundeak Lesakako Montoia tunelaren barnean azterlan geologikoa eta geoteknikoa egitea enkargatu zuen joan den udan, tunela zein egoeratan dagoen ezagutzeko eta haren segurtasuna hobetuko duten aurrera begirako esku-hartzeak aurreikusteko.
Ensaya, Laboratorio de Ensayos Técnicos SL.enpresak egindako lanak 3.160,04 euroko kostua izan du, eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak % 80an kofinantzatu du, toki erakundeei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan proiektuak lantzeko emandako laguntzen barnean.
Azterketa ezinbertzeko urratsa da Bidasoko Bide Berdearen segurtasuna hobetzeko. Ildo horretan, horixe nabarmendu du Uraren Bailarakek: «Ibilbideak ez ditu soilik kanpoko bisitariak erakartzen. Batez ere, gizarte eginkizuna betetzen du; izan ere, herrietako bizilagunek aisiarako eta komunikaziorako bide gisa erabiltzen dute, eta horrela, mugikortasun jasangarria bultzatzen dute. Bidasoko Bide Berdea pasabide errazeko aukera bat da, irisgarria eta aldaparik gabea, gure lurraldea bezalako lurralde menditsu honetan». Horregatik diote «Bidasoko Bide Berdearen segurtasunean eta irisgarritasunean inbertitzea osasunean eta bizi kalitatean inbertitzea da. Hala ere, ibilbidearen kudeaketak eta etengabeko mantentze lanek kostu hagitz handia dakarkie beraien gain kostu hori hartzea zail duten udal txikiei, urtero aurre egin behar baitiegu inbertsio handiak behar dituzten ustekabeei».