Lesakako 56 urteko bizilagun bat bihotzekoak jota hil da Irunen, kamioia kargatzen ari zela

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 12a, 18:30

Lan istripuetan hildakoak oroitzeko LABen ekitaldia. Argazkia: LAB

LABek jakinarazi duenez, atzo 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen.

LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera, aurten 54 pertsona hil dira lan istripuan Euskal Herrian, eta horietatik 11 garraioaren sektorean.

LABen oharra:

2023ko ezbeharren txostenean salatu genuen, orokorrean, istripuz hildakoen % 33a direla ez traumatikoak. Garraiolarien artean aldiz, % 75a izan ziren ez traumatikoak. Azken urteetako datuek joera hori erakusten dute, garraioan istripu ez traumatikoen intzidentzia handiagoa da. Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 10 garraiolari hil ziren lan istripuz, aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

Dei egiten dugu laneko azken heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun