Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako proiektuak egiteko diru laguntza eman du hirugarren urtez Lesakako udalak. 2023-2024 ikasturterako Olaia Telletxea Anzizarrek eraman du 500 euroko beka, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza burutzeko herriz aldatu beharrak ikasleen ikaskuntzan izan dezakeen eraginaren ikerkuntza master amaierako lana aurkezteko., Josu Lopez-Gazpioren tutore duela. Azaroaren 8an, ortzirale arratsaldean egin zuen lanaren aurkezpena udaletxean Olaia Telletxeak, Ladis Satrustegi alkatea ondoan zuela. Olaia Telletxeak biokimika ikasketak egin ditu, eta irakaskuntzako master amaierako lana da aurkeztu duena.
Ladis Satrustegi alkateak aipatu zuenez, «beka honen helburua Lesakari atxikimendua sortzea da, aprobetxatuz gradu amaierako edo master amaierako lanak egin behar izaten direla, eta bidenabar herriak edo herriko elkarteren batek lan hauei probetxua ateratzen ahal badie edo bigarren fase bat sustatzen ahal badu, hobe oraindik». Ikasturte honi begira ere beka deialdia eginen dutela jakinarazi zuen, «abenduan edo urtarrilean aterako da deialdia».
Bortz herrietako 150 ikasleri inkesta eta sei ikasleri elkarrizketa
Olaia Telletxeak aipatu zuenez, Bortzirietako 149 ikasleri egindako inkestan eta sei ikasleri egindako elkarrizketetan oinarritu da lana gauzatzeko, gehienak Toki-Ona institutuko ikasle eta ikasle ohiak (% 70 Lesakakoak). «Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako trantsizioa une gogorra da berez, ez bakarrik akademikoki suposatzen duen esfortzu estra horrengatik, baita nerabeen gizarte trebetasuna garatzeko duen eraginagatik ere».
Bortzirietako testuinguruan, bortz herrietako ikasleak Berara joaten dira DBH egitera 12 urtez dituztenean (14 urte Arantzako kasuan). «11-12 urterekin, 07:30erako utzi behar dute herria eta 15:30 arte ez dira bueltan etortzen. Aldaketa honek, trantsizioan eman beharreko saltoaren tartea areagotu dezake».
Olaia Telletxearen lanaren helburu nagusia «LHtik DBHrako trantsizio hori Bortzirietako testuinguruan aztertzea da eta, bereziki, Lesakako ikasleak laguntzeko argibideak lortzea». Helburu orokor horren baitan bertze helburu espezifiko batzuk ere planteatu zituen lanak: «Eguneroko desplazamenduak trantsizio horretan duen eragina, ibilbide akademiko ezberdinek egokitzapenean duten eragina alderatzea, ikastetxera akademikoki prestatuak iristeak zein neurritan eragiten duen, herri aldaketak gizarte trebetasuna garatzeko izan dezakeen eragina aztertzea, trantsizioan positiboki eta negatiboki eragiten duten faktoreak identifikatzea eta ongizate emozionalaren eta errendimendu akademikoaren arteko lotura hori ikertzea».
Proiektuaren hipotesiak
Proiektu honetan planteatzen diren hipotesi nagusiak hauek dira: «Herri aldaketak negatiboki eragiten du trantsizioaren alderdi emozionalean eta alderdi akademikoan; trantsizioko emozioek errendimendu akademikoan eragin zuzena dute; Lesakako ikasleak, orokorrean, ongi prestatuak doaz; eta trantsizioa errazteko ez dira estrategia nahikorik jartzen». Hipotesi horiek guztiak betetzen dira, Olaia Telletxearen ikerketaren arabera, partzialki bakarrik betetzen den bat izan ezik: «herri aldaketak akademikoki eta emozionalki modu negatiboa eragiten duela partzialki betetzen dela erraten ahal dugu: ikerketa bibliografiak baietz betetzen dela erraten du, baina inkestetan gehiengoak ezetz erran du».