Basurdeko bertso gaztaina jatearekin Udazkena Bertsotan abiatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 11a, 15:00

Basurde elkartea lepo bete zuten bertsozaleek, Unai Iturriagaren eta Igor Elorzaren saioa aditzeko.

Unai Iturriagak eta Igor Elorzak saio ederra eskaini zuten larunbat arratsean

Bortzirietako bertso eskolak, Lesakako Udalaren laguntzarekin antolatutako bertso gaztaina jate saio bikaina izan zuten larunbat arratsean Lesakako Basurde elkartean. Gaztainak ez ezik, bertze jatekoak eta edatekoak ere izan zituzten eta ondotik, Unai Iturriaga eta Igor Elorza, Durangotik etorritako bi bertsolari “klasikoen” ahotik saio ederra aditzeko aukera izan zuten Basurde elkartea lepo bete zuten bertsozaleek, Iratxe Muxikak paratutako gaiekin.

Baina ez zen dena bertsoa izan. Bortzirietako bertso eskolako neska gazteek ere, Iturriagak eta Elorzak bere garaian osatu zuten ‘Gu ta gutarrak’ taldeko kantu ezagunenetako bat abestu zuten, akordeoi eta gitarraren laguntzarekin eta bertso eta kantu artean, umore ederrean joan zen saioa.

 

Udazkena Bertsotan

Hain zuzen larunbatekoa izan zen Bortzirietako Bertso Eskolak, Lesakako Udalaren laguntzaz antolatu duen ‘Udazkena Bertsotan’ zikloko lehen emanaldia.

Azaroaren 21en, ferietako egunean, eguerdian plazan kantatuko dute Julio Sotok eta Oihana Iguaranek.

Azaroaren 28an, 17:30ean, Andra Mari egoitzan bertso saioa izanen dute, bertso-eskolako kideekin.

 

Abenduaren 15ean, ‘Tabuen kutxatik oholtzara’ Iñurriren alde

Ziklo honetako ekitaldirik bereziena abenduaren 15ean izanen da Harriondoa kultur etxean. Leire Pagadizabal zena kide zuen Iñurri elkartearen eskutik, ‘Tabuen kutxatik oholtzara’ bertso saio musikatu solidarioa izanen dute, igandean 19:00etan hasita. Maddi Ane Txoperena, Ekhiñe Zapain, Oihana Bartra eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan eta Iratxe Muxika eta Amaia Agirre gai jartzen.

Urtea bukatzeko eta neguan sartuta, abenduaren 28an, egun osoz, Bortzirietako bertso eskolaren taldekako lehiaketa jokatuko dute Beran eta Lesakan.

Urtarrilean ere, bertso munduarekin lotutako sorpresa handiren bat izanen omen da Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun