Marta Peiranoren eta Maria Belmonteren solasaldiak izanen dira aste honetan Berako liburutegian

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 11a, 20:00

Nafarroa Topaketak jardunaldien barrenean, bi solasaldi izanen dira ortzegunean eta ortziralean Beran. Kultura, artea eta nazioarteko pentsamendua sustatzeko ekimena da Nafarroa Topaketak eta Marta Peirano eta Maria Belmonte adituak izanen dira Beran. Baluarte Fundazioak antolatu ditu bi solasaldiak eta gaztelaniaz izanen dira 18:30ean liburutegian.

Ortzegunean, hilaren 14an, 'Algoritmoen gobernua' hitzaldia emanen du Marta Peirano teknologia berrietan eta boterean adituak. Solasaldian algoritmoek duten garrantziaz ariko da Peirano, batez ere fokua paratuz nork kontrolatzen duen sistema konputazionala eta horrek zer eragin duen demokrazian, eskubideetan eta eremu publikoan.

Ortziralean, hilaren 15ean, berriz, 'Urrezko aroaren bila. Grand Tourreko bidaiariak' izenekoa emanen du Maria Belmonte itzultzaile eta idazleak. Grand Tourra XVII. mendean hasi zen tradizio kultural gisa, eta, horren arabera, aristokrata gazte baten hezkuntza ez zen osotzat jotzen Antzinaro klasikoko —Italia eta Grezia— leku nabarmenetara bisita egin gabe. Joera horrek sortu zuen kultur mugimenduaz ariko da Belmonte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun