[GUTUNA]: Ohiturazkoa, aitzindari

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 9a, 11:00

Jasone Mitxeltorena Ozkaritz Etxalarko Usazaleak idatzi hauxe bidali du TTIPI-TTAPAra. Etxalarko Usategietako kontuak ditu hizpide, eta joateko gonbita ere egin du.

Aurten 150 txolomari paratu diete eraztuna Etxalarko Usategietan, Belgikako hegazti begirale elkarte batek babestu duelarik ekimen hori. 2019.urtean horretan hasi zen Lizarietako begiratokian aritzen den CPAL elkartea, eta geroztik urtez urte espezie horren azterketa egin ahal izan da. 

Ohituraz, sareetako harrapaketa elikadurara bideratu izan da, edo baita bizitarako ere, ehiza erakargarri gisa –gaur den egunean ia batere ez–, edo etxean usoak hazteko asmoz. Orain, hegaztien azterketa ahalbidetzen duen baliabidea ere bada Etxalarko Usategieta, eta haren izena Belgikaraino hedatu da; guk dakigula, Europan ez da gisa horretako bertze ekimenik, eta beraz, aitzindari gara.

Zuzeneko harremanaren bidez, baina baita ekimen honi esker ere, urtero Lizarietako begiratokira etortzen diren hamarnaka gazterekin elkarlanean ari gara. Eurek ulertzen dute gure jarduera: guk, haiek bezala, orduak eta orduak ematen ditugu hegaztiak etortzeko esperoan, naturak eskaintzen digun emankizun eder eta paregabe honetaz gozatzen, pasioz maitatzen. Eta baita gurea taldekideen arteko elkarlan estuan gertatzen delako ere, eurena bezala, bakoitzak bere egunerokoa utzi eta taldeari emanak izaten baikara sasoiak dituen 50 egunetan. 

Aurten ingurumenari lotutako ikasle eta langile diren gazteek osatutako talde bat etorri zaigu bisitan; usoa lumatzen aritu ziren gurekin batean! Geroztik, liburu bat idazten ari den neska gazte bat eta film-dokumentala egiten ari den bertze bat ere izan ditugu gurean. 

Horiez gainera, Bilboko ikus-entzunezko ekoizle taldea ere gurekin ari da: mundu osoan ibiltzen dira, bizirik diren jatorrizko kulturen bila... Gure artean diogu: Hain berezia ote egiten duguna?

Agian bai. Ohiturazkoa izanda ere ez da gibelerat gelditzen, eta gazte ekimen aitzindarien jakin-mina pizten du. 

Gurekin batean abatara etorri eta uso multzoak nola jokatzen ditugun bertatik bertara ikusten duten guziak txoratzen dira: Usategietan, bertze inon ez bezala, ikus daiteke hegaztia bertatik bertara, usazalearen makila hartu eta saldoan beheko errekaraino jausten… Buruz buru ditugunetan, ehunka hegaztiren hegal hotsak barrena dardaratzen du. 

Usategietako Igandean eta Omiasaindu inguruko asteburuan herritar eta bisitari andana ibili da, eta izan dute gozatzeko modua: bai usoa iragaten zelako, eta bai harrapatzen ere ikusi ahal izan dutelako. Haien miresmena bildu dugu, eta haiek kontent izanda, gu gehiago!

Irakurle maitea, soberaxko zaizu hemen erran duguna? Zatozte eta ezagutu ahal izanen duzue hala den edo ez: Ateak idekiak dira!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun