Azken hilabeteetan, Lesakako Udala eta herritarren boluntario talde bat elkarlanean aritu dira Lesakako argazki zaharren bilduma osatzeko. Horretarako, herritarrak animatu dituzte etxeetan zeuzkaten argazki zaharrak herriko etxera eramateko eta digitalizatzeko. Honela, guztira 1.000 argazki inguru bildu dituzte, horietatik 150 bat daude ikusgai Harriondoa kultur etxeko komentuan, igandera bitarte (astelehenetik ortziralera 17:00-19:30; larunbata 11:00-13:30 eta 17:00-19:30 eta igandea 11:00-13:30).
Honez gain, norbaitek etxean argazki zahar gehiago baldin baditu, hauek erakusketara eramatera animatzen ditu udalak, honela bilduma handitzeko. https://lesaka.artxiboa.eus helbidean argazkiak ikusteko eta igotzeko aukera ere izanen da. Udalak eskerrak eman nahi dizkie argazkiak ekarri dituztenei eta, bereziki, hilabete hauetan hauek digitalizatzen, antolatzen, informazioa bilatzen eta erakusketa prestatzen aritu den boluntario taldeari.