Azkua makroproiektu eolikoaren kontra lanean segitzen dute herritarrek. Aldi honetan, Nafarroako Gobernuak jende aitzinean paratu duen Energia Plana berrikusteko dokumentuari erreparatu diote.
«Energia plana berrikusita, eolikoen harrera gaitasunaren mapa ere berrikusiko» dutelakoan daude Arantzako eta Etxalarko taldeak, eta horri erantzunez, «mapa horretan Arantzako eta Etxalarko lurretan ‘eremu libre’ eta ‘muga ttikiko eremu’ bezala ageri diren hainbat lur, proiektu eolikoak garatzeko eremu ez egoki edo lurzoru debekatu bezala sailkatzeko» eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Horrekin batera, gobernuak «harrera ahalmenaren mapa lantzerakoan irizpideak zorroztu beharko lituzkeela» uste dute.