Baserritarren Eguna ortziralean
Ekaitza Elkarteak antolatuta, 28. Baserritarren Eguna egin zuten azaroaren 1ean Arantzan. Eguraldia lagun, jende azkarki bildu zen frontoian herritarrek paratutako erakusketa eta salmenta postuak ikustera, eta bidenabar, zerbait erostera. Eskolak paratutako ostatuan, tragoxka bat hartu eta pintxo bat jateko aukera ere izan zen.
Zehazki, hamalau salmenta postu paratu zituzten; tartean, eskulanak, barazkiak, gozokiak, zerrikiak, opilak, bitxiak, egutegiak, argazkiak… Alberto Pikabea, Ane Bereau eta Naiara Manzano, Apezenea, eskola, Etxeberriko borda, Etxerrea, guraso elkartea, Ixabel Lukanbio, Marta, Pabloenea, Pelle-Ttiki, Senberro, Toki Ona eta Mikel Larretxearenak izan ziren saltzeko postuak. Erakusketan, berriz, Etxezarretak, Felix Apezetxeak, Landaberrik, Larraineko bordak, Martixeneko bordak, Olaberrik eta Seroren bordak parte hartu zuten.
Gazta lehiaketa
Gazta lehiaketara zazpi gazta aurkeztu zituzten herritarrek: Etxeberriko bordak, Laraburuko bordak, Martineko bordak, Martixeneko bordak, Oskozeneak, Senberrok eta Seroren Bordak.
Gazta lehiaketako epaimahaia Leire Mitxelenak, Xabi Etxaguek, Belen Mutuberriak, Imanol Artolak eta Mikel Manzanok osatu zuten, eta Gregorio Mitxelena arduratu zen haiei gaztak prestatzeaz. 11:00 aldera hasi ziren gaztak dastatzen eta 13:00 aldera eman zuten emaitza: Laraburuko bordako gaztarentzat izan zen lehenbiziko saria, eta etxekoen izenean, Markel Jorajuriak hartu zuen 120 euroko saria. Bigarrena Etxeberriko bordara joan zen eta Eli Iturriak hartu zuen 100 euroko saria. Seroren bordako gazta hirugarren gelditu zen, eta Joxe Irigoienek hartu zuen 60 euroko saria.
Lehenbiziko hiru gazta irabazleekin enkantea egin zuten, eta irabazlearen gazta erdiarengatik, adibidez, 40 euro ordaindu zituzten.
Ahari lehiaketa
Plazan, berriz, sei etxetako ardiak, ahariak eta ahuntzak paratu zituzten ikusteko moduan: Antonio Iturria, Aranibar, Irulegiko Fermin, Larraineko borda, Larretabaita eta Seberino Indakoetxearenak.
Eta ahari lehiaketara lau aurkeztu zituzten: Antonio Iturria, Larraineko borda, Larretabaita eta Oskozeneak. Alfredo Basterra albaitariak hala erabakita, Oskozenera joan zen 50 euroko lehenbiziko saria eta Antonio Iturriarentzat izan zen 25 euroko bigarren saria. Egoitz Goñik hartu zuen lehenbiziko saria eta Aintzane Iturriak bigarrena.
Horrez gain, goizean zozketako txartelak saldu zituzten, eta sari banaketaren ondotik, zozketa egin zuten. Maixe Fagoagari tokatu zitzaion bertako produktuekin osatutako zarea. Bere partez, Itziar Arotzenak hartu zuen zarea.
Ipuin kontalaria
Ortzirale arratsaldean, berriz, eskolan egin zuten hitzordua. Guraso elkartearen eskutik, Ameli ipuin kontalarien saioarekin gozatu zuten haurrek eta gaztetxoek. Tartean, guraso elkarteak txokolate beroa banatu zuen.
Partxis eta mus txapelketak
Larunbat arratsaldean, Ekaitza Elkarteak antolatutako partxis eta mus txapelketek eman zieten kultur egunei segida. Partxisen hamar bikotek eman zuten izena, eta Aratz Leiza eta Xuban Ugalde izan ziren irabazle, finalean Maddi Leizari eta Larraitz Almandozi irabazita.
Jende guttiago animatu zen mus txapelketan; hiru bikote bakarrik. Finalean Dani Iparragirre eta Jon Zabala, Jose Luis Oskozen eta Patxi Iturriaren kontra aritu ziren, eta Iparragirre eta Zabala izan ziren irabazle.
Mikel Markez eta Arkaitz Minerren kontzertua
Partxis eta mus txapelketari lekukoa hartuz, eskolako gimnasioan bildu ziren herritarrak larunbat ilunabarrean, Mikel Markezen eta Arkaitz Minerren kontzertuaz gozatzeko. Saio ederra egin zuten eta bildutakoek ederki gozatu zuten.
‘Ztandap’ ikuskizuna
Kultur egunak borobiltzeko, Mirari Martiarenaren eta Idoia Torregarairen Ztandap ikuskizuna antolatu zuten. Martiarenak eta Torregaraik ez zuten hutsik egin, eta Arantzara egindako hirugarren bisitan, aski tarte atsegina pasarazi zieten bildutakoei.