Olatz Salvador musikari eta abeslariak piztu du Irrisarriko Landeko txondorra

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 4a, 11:00

Olatz Salvador musikari eta abeslaria, Irrisarri Landeko txondorra pizten. Argazkia: Ondikol

Aitzineko urteetan Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Xabier Agote, Toti Martinez de Lezea, Aizpea Goenaga, Itziar Sistiaga, Julian Iantzi, Pilar Otegi eta Ignazio Carrillo, Mikel Urdangarin eta Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak piztu dute IrriSarri Landeko txondorra eta hamaikagarren edizioan, Olatz Salvador musikari eta abeslariak piztu du azaroaren 2an.

Txondorra piztearekin batera, musika emanaldi bikainak izan zituzten Igantzin. Batetik, Sergio Muñoz biolin jotzailearen emanaldia izan zuten txondorraren inguruan. Gorka Zabaleta kantautoreak ere bizpahiru abesti kantatu zituen gitarrarekin batera eta Zubietako Joaldunak ere bertan izan ziren. Etxahun Azkarragak bertsotan azaldu zuen txondorra egiteko lana. Azkarragarekin batera, Carlos Sein, Samon Sein, Mitxel Ibarrola, Ander Esnal eta Vitoriano Alcalde izan ziren ikazkinak.

Olatz Salvador, ikazkinekin eta Irrisarri Landeko arduradunekin.

Zubietako joaldunek ere parte hartu zuten txondorraren piztueran.

Sergio Muñoz musikaria.

 

Txondorra ikusteko aukera

Txondorra eraikitzeko, aurten inguruko basoko 18.000 egur-ikatz kilo erabili dituzte  bereziki gaztainondo eta haritza. Behin piztu ondotik, boluntarioak ariko dira txondorra zaintzen hilabetez eta gauzak ongi badira, urte buaerarako ikatza izanen da. Guti goiti-beheiti denera 5.000 kilo ikatz lortzea espero da, azken urteetan bezala jatetxeko parrillan erabiltzeko heldu den denboraldian.

Larunbatetik eta abenduaren 31era bitartean ikaztegia bisitatu ahal izanen da, bertan dagoen museoarekin batera. Bertan, garai bateko ikazkinen bizitza estiloa eta lan egiteko modua ikusi eta ikasi ahal izanen da. Horretarako espresuki egina dagoen ibilbidea ere egiten ahal da eta trenez ikusi dena.

 

Abenduaren 14an Olentzero eta Mari Domingi

Abenduko bigarren larunbatean, abenduaren 14an, Olentzero eta Mari Domingi egun osoan egongo dira IrriSarri Landen, neska-mutilen eskutitzak jasotzen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun