Bortzirietako zaintza diagnostikoa osatzeko saio parte hartzaileak eginen dituzte azaroan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 2a, 11:00

Emagin elkartearen eskutik, hilaren 14an Beran eta 19an Etxalarren eginen dituzte herritarrendako saio irekiak

2023an, prozesu parte-hartzaile baten bidez, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak III. Berdintasun Plana (2023-2027) sortu zuen. Planak bortz udalen onarpena jaso zuen eta 2024rako, gizarte eta ekonomia berdinzalego baten bidean, umeen eta menpekoen zaintzari lotutako Zaintzen beharren diagnostikoa egitea aurreikusi zen.

Diagnostikoaren idazketan, prozesu parte hartzaile bat abiatu dute Emagin elkarteak lagunduta; Bortzirietako zaintza arloaren errealitatea ezagutzeko dokumentazioa aztertu dute, zerbitzuen gaineko mapaketa egin dute eta zaintzarekin harreman estua duten herritar aunitzekin talde elkarrizketak egin dituzte.

Orain lortutako informazioaren kontraste saioak eginen dituzte, «alde batetik herritarrekin, haien beharrak eta proposamenak biltzeko, eta bertzetik teknikari eta ordezkari politikoekin, diagnostikoa osatu eta aitzinera begira konpromisoz aritzeko».

Izan ere, zaintza lanen antolaketaren inguruko diagnostikoa egiteaz gain, «esku hartzeko etorkizuneko erronkak identifikatu nahi ditugu». Hori dela eta, azaroaren 5ean teknikari eta ordezkari politikoekin bilduko dira Igantzin, 09:00etan Baratzondon. Herritarrendako berriz, azaroaren 14an 18:00etan Beralandetan eta 19an 16:00etan Etxalarko Kultur Etxean bilduko dira. Emagin elkarteak dinamizatuko ditu saioa guziak.

Herritarrak saioetan parte hartzera animatu dituzte eta haurrak zaintzeko zerbitzua izanen da. Zaintza zerbitzuan izena emateko 722 69 30 78 telefonora deitu beharko da, azaroaren 11 baino lehen Berako saiorako eta 15a baino lehen Etxalarko saiorako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun