Aitziber Iratzoki Bengoetxea

«Gogorrena izan da sozialki ez naizela onartua sentitu»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 3a, 08:00

Bi urtez antidepresioak hartu ditu Aitziber Iratzoki Bengoetxea lesakarrak eta udan bukatu zuen tratamendua.

Aitziber IRATZOKI BENGOETXEA, antidepresiboak hartu dituen gaztea

Antsietate nahasmenduak eraginda, antidepresiboak hartu ditu azken bi urteetan Aitziber Iratzoki Bengoetxeak. Etapa gogorra izan den arren, argi mintzatu da: «Pozten naiz prozesua pasa izanaz, bertzela ez nuke neure burua orain ezagutzen dudan bezala ezagutuko»

Azken aldian solasgai da buru osasuna, baina oraindik ere gutti dira ahoan bilorik gabe solastatzera ausartzen direnak. Uztailaren 1ean bideo bat argitaratu zuen Aitziber Iratzoki Bengoetxea lesakarrak Instagramen. Honakoa zioen: «Honetaz ere solastatu behar delako. Gaur, bi urteren ondotik, azken antidepresiboa hartu dut». Antsietate nahasmendu soziala izan du Iratzokik, eta baita agorafobia eta depresio aldi bat ere. Bideoaren bidez isilean gordea dagoen errealitate bat azaleratu nahi izan du, eta arrazoi beragatik onartu du TTIPI-TTAPAn bere testigantza ematea.

Zergatik erabaki zenuen bideoa publikatzea?

Ikusgarritasuna emateko. Konturatua nintzen inork ez zuela horretaz solastatzen, eta herrietan guttiago. Pentsatu nuen etapa bat ixten ari nintzela, garrantzitsua izan zela eta egin behar nuela. Gainera, sare sozialetan eta justuki Instagramen gauzen alde ona erakusten dugu bakarrik. Ez nuen gehiegi pentsatu: pastillak hartu, argazkia egin eta igo egin nuen.

Nolakoa izan da bideoa argitaratu arteko prozesua?

Duela lauzpabost urte hasi zen dena, nahiz eta antidepresiboak hartzen beranduago hasi nintzen. Arazoa 2018-2019 inguruan hasi zen. Musika talde batean jotzen nuen, eta antsietatea sentitzen hasi nintzen oholtza gainean: preso sentitzen nintzen, eszenatokitik jaitsi nahi nuen baina ezin nuen... agorafobia. Hagitz gaizki pasatzen nuen. Kontzertu baten aitzinetik amak ikusi ninduen etxeko salan bueltaka eta zer pasatzen zitzaidan galdetu zidan.

Ordura arte ez zitzaizun hori pasatzen.

Lehen aunitz gozatzen nuen lana zen, besta bat, kristoren lan ona udan herriz herri kantatzen… Baina ailegatu zen momentu bat sufrimendu bilakatu zena. Amari kontatu nion, eta lehenengo psikologoarekin hasi nintzen. Gerora konturatu nintzen bakarrik ezin nuela eta nahiz eta psikologora joan eta deseraikitzen hasi, oraindik okertzen segitzen nuela. Orduan pentsatu nuen bertze laguntza bat behar nuela, eta medikura joan nintzen. Pandemiaren ondotik izan zen, 2022ko udan.

Zer gertatu zen medikura joateko?

Garaian nuen bikotekidea bisitatzera joan nintzen Alemaniara, eta aste osoan ezin izan nintzen bere etxetik atera: ez nuen neure burua gai ikusten bertatik ateratzeko. Bueltan erabaki nuen medikura joatea eta hor hasi nintzen pastillak hartzen. Tarte horretan denean psikologoarekin segitu nuen, hori ez dut inoiz utzi.

«Erreparoa ematen zidan medikuarenera joateak»

Zaila egin zaizu laguntza eskatzea?

Psikologoarena aunitzez ere guttiago kosta zitzaidan. Amari kontatzean segidan deitu zuen psikologora eta ez nuen inolako arazorik izan. Egia da hasieran ez niola jendeari kontatu aunitzez ere pertsona itxiagoa nintzelako. Erreparo gehiago izan nuen medikura joatearekin, ez nekielako psikiatrara edo etxera bidaliko ninduen. Ezjakintasun haundia nuen ez nuelako inor inguruan arrazoi horrengatik medikura joana zenik. Beldur horrekin joan nintzen, eta lasaitu ninduten bi gauza erran zizkidan: uste nuena baino aunitzez ere jende gehiago dagoela horrela eta, hiruzpalau hilabetez nituen sintomak eta sentsazioak sentitu izana nahikoa eta sobera zela medikura joateko eta tratamendu batekin hasteko. Ordurako hiru urte neramatzan horrela.

Medikura joatean nolakoa izaten da prozesua?

Nik psikologoarekin izena paratua nion pasatzen zitzaidanari: antsietate-nahasmendu soziala. Sumatzen nuena zen jendearekin interakzio bat izan behar nuenean ez nintzela eroso sentitzen. Hasieran sozialki hasi zen, baina gero esfera guztietara zabaldu zen eta ez nuen etxetik atera nahi. Medikuak diagnostikoan antsietate-nahasmendu orokortua paratu zuen. Balorazio moduko bat egin zidan ikusteko osasun mentaleko arazoak bizitza zenbateraino baldintzatzen zuen. Nire kasuan muturrekoa zen eta ikusi zuen laguntza farmakologikoa behar nuela.

Ez zintuen psikiatrara bideratu?

Inolako momentuan ez zidan aipatu psikiatrara joatearena, uste dut prest ikusten ninduelako medikazioarekin hasteko. Pentsatzen dut aurrerago okerrera eginez gero eskainiko zidala, baina segidan hasi nintzen hobekuntza sumatzen.

Eta antidepresiboekin hasi zinen.

Dosia handitu zidaten pixkanaka. Egia da nire kasuan dosi nahiko minimoa izan dudala bi urtez. Azaldu zidan antidepresiboek burua kimikoki egonkortzen dutela, eta behin egonkorrago zaudenean, hobeki egiten ahal duzula lanketa psikologoarekin. Horrek lagundu dit.

«Medikazioa behar nuela onartzea kostatu zait»

Zenbatero pasatzen zenuen kontsulta?

Hasieran astero edo bi astero. Pixkanaka, hirugarren hilabetetik aitzinera zitak hilabetero, gero hiru hilabetero, sei hilabetero ematen hasi zen, eta hobe nengoela ikusi zuenean, erran zidan neure burua gai ikusten nuenean pastillarik gabe bizitzeko, sei hilabetetan kenduko genituela. Dosia jaisten hasi nintzen urte hasieran, eta ekainean kendu nuen.

Osasungintzan nolako arreta jaso duzu?

Esperientzia ona izan dut. Badakit justu osasun mentala ez dagoela hoberenean osasun publikoan, baina medikuaren arreta Lesakako osasun zentroan hagitz ona izan da. Kontziente naiz psikologoa beti nik ordaindu dudala, eta hori ez zidatela eskaini ere egin ikusi zutelako ni jada joaten nintzela, eta nik, astero behar nuela psikologo bat eta berak hori ezin zidatela eskaini. Orduan, ahal zen neurrian, ni ulertua eta babestua sentitu naiz. Ez dut ez inolako presiorik, ez estigmarik sentitu, ezta presarik ere. Baina egia da bertze patologia fisiko bat baduzu, beraiek espezialistara bideratzen zaituztela eta kasu honetan ez dela deribaziorik egon, ez psikiatrara, momentuan ez nuelako beharrik izan, eta ezta psikologora ere. Nik neure kabuz egin dut psikologoarekin lan gehiena, eta hori izan da hobekuntza ekarri duena.

Kosta zaizu gaixo zeundela onartzea?

Ez. Egia da ez neure buruari ez bertzeei ez diedala gaixo hitza aipatu. Diagnostikoaz solastatu naiz, pastillez ere bai, eta hori da finean gaixo egotea, baina ez dut zailtasunik izan. Nahiko normalizatua nuen psikologora joatea, eta drama handiagoa izan zen pastillak hartzea; bertze errekurtsorik ez nuelako joan nintzen. Gaixotasun bat dela onartzen dut eta gaixotasun fisiko baten maila berdinean tratatzen saiatzen naiz.

Antsietate sozialak depresioa eta agorafobia eragin dizkio Iratzokiri.

Ia bi urteko prozesua izan da pastillena.

Banekien prozesu luzea izanen zela eta egunero pastilla hartzearen keinuak oroitarazten dizu ez zaudela ongi. Niri hori gogorra egin zitzaidan eta aunitzetan neure burua horrekin zigortzen nuen: «25 urte dituzu, lagunak, kuadrilla, familia… eta gainera gaizki zaude». Hori onartzen lan handia egin dut eta medikazioa behar nuela onartzea kostatu zait.

Kosta zaizu pastillak uztea?

Prozesu motela izan denez, ez dut sumatu. Medikuari pastillak uzteko deitu nionean ez nion zalantzekin deitu. Banuen gogoa dosia kentzeko; pilula kutxa txikiago bat erostea, miligramo kopuru bat ttikiago hartzea... pausu bat gehiago zen prozesuan. Nahiz eta ongi sumatzen nuen neure burua, egunero pastilla hartzeko keinuak erakusten dizu oraindik ez zaudela guztiz ongi, tratamenduan segitzen duzula, eta ez duzula zure bizitzako kapitulu hori itxi. Antidepresiboak hartzean loak erregulartasuna galdu zuen eta umore arraro xamarrak izan nituen, baina kentzean ez dut deus sumatu. Gogo gehiagorekin hartu dut dosia jaistearen prozesua, igotzearena baino.

Zer izan da zailena bidean?

Inguruko jendearekin izan dudan harremana. Hasieran gauza hauetaz aunitz solas egiten ez zuen pertsona bat nintzen, eta pentsatzen nuen beharbada ez zutela ulertuko. Adibidez, aitari, ez nion erran. Poliki-poliki kontatzen joan nintzen eta sumatu nuen jendeari kontatzen nionean, jendea estutasun batean paratzen nuela, eta egoera deserosoak sortzen zirela. Ez zekiten zer erran, eta «animo, laguntza behar baduzu erran…», horrelako gauzak erraten zituzten, baina gero beldurra ematen zien galdetzeak. Tibia xehatu izanen banu elkarrizketa hagitz normala izanen zen: «Zer moduz zaude? Zer moduz operazioa?...» Baina osasun mentalari buruzkoa denez, apurua ematen digu galdetzeak, eta beraz ez dugu galdetzen.

Bakardaderik sentitu duzu?

Batzuetan pentsatu izan dut gustatuko litzaidakeela jendeak gehiago galdetzea nola nengoen, edo gehiago normalizatzea elkarrizketa. Gogorrena izan da sozialki ez nintzela ulertua sentitzen. Ez nuen inor ezagutzen hori zeukanik.

Nola kontatu duzu gertatzen zitzaizuna?

Nori erran, nola erran, zer erraten zidaten… konplexua izan da. Hagitz ongi aukeratu behar nuen nori erran eta zer erran, gehien bat nik aunitz pentsatzen dudalako bertzeengan, eta batzuetan ez nuelako deus erraten parekoa egoera deseroso batean ez paratzeko. Antsietate-nahasmendu sozialaren afera potoloena da epaitua sentitzearen beldurra eta sozializazio egoera guztiak ekiditen dituzula: berbena taldea, afariak, familiarekin elkartzea…

«Berriz ere hutsetik ikasi behar izan dut sozializatzen»

Inguruan babesgunerik aurkitu duzu lasai solas egiteko?

Bai, ez naiz momentu bakar batean ere bakarrik sentitu, beti egon delako norbait. Baina egia da bertze modu bateko erantzuna eskertu izanen nuela. Nire ahizpa beti egon da hor. Berak erraztasun handia dauka gai hauei buruz solastatzeko, eta lasai solastatzen gara. Beti izan dut bere babesa, baita amarena ere. Kontziente naiz nik ere gehiago kontatzen ahal nuela, eta gehiago solastatzen ahal nintzela honetaz, baina beti ez duzu nahi. Prozesuaren parte handiena nik bakarrik eraman dut, bertzeak ez molestatzeko. Babestua sentitu naiz, ez nau inork dezepzionatu, eta uste dut gizartearen kontua dela horrelako gaiekin ez dakigula nola jokatu.

Antsietate sozialaz gain, bertze diagnostikorik izan duzu?

Antsietate sozialak bertze bi diagnostiko ttiki eragin zituen, depresio aldi ttiki bat izan nuen. Ernatu, negar egin... animoz hagitz baxu egon nintzen. OME Osasunaren Mundu Erakundeak onartua du jada osasunak hiru esfera dituela: fisikoa, mentala eta soziala. Mentala ez baduzu, eta fisikoa eta mentala ere ez...

Zein zen bigarrena?

Agorafobia: preso sentitzea, leku batetik ihes egin nahi izatea... Eta zer gertatu zen? Etxean ixten nintzela. Pandemia ailegatu zen eta denak triste zeuden bitartean etxean egon behar zirelako, ni lasai nengoen. Ez nien egoera sozialei aitzin egin behar, ez nuen etxetik atera behar, ez nintzen epaitua sentitzen… Oroitzen naiz murrizketak kentzen hasi zirenean ere, ez nintzela atera. Ez dakit zenbat aste egon nintzen etxetik atera gabe. Lagun guztiak gogoz zeuden ateratzeko, mendira joateko… eta ni ongi nengoen etxean.

Errealitatera itzultzea gogorra izan zen?

COVID-19ak eragin handia izan zuen eta niretzat errealitatera itzultzea aunitzez ere gogorragoa izan zen. Zoriontasun faltsu bat sentitzen nuen. Gure konfort gunean gaudenean hagitz kontent gaude. Zer gertatzen da, nire konfort gunea hagitz ttikia zela une horretan. Konfort gunea izaten ahal da lagunekin ateratzea, bidaia bat egitea… Nirea etxea zen. Hagitz murritza zen, baina pandemiagatik hor egon behar genuenez… Kostatzen zitzaidan aunitz ateratzea, plan aunitzi ezetz erraten nien, eta hobekiago sentitzen nintzenean ere, ezetz erraten segitzen nuen.

Erromeria taldean lanean ari zela hasi zen antsietatea sentitzen Iratzoki.

Eta hori zergatik?

Zu zure gaixotasun mentalera egokitzen zarenean inflexio puntua da, gaixotasun mentalak zure bizitza baldintzatzen duenean kontrola galtzen duzulako. Edozeinek izaten ahal du antsietate momentu bat, estres une bat, depresio ttiki bat…baina buelta ematen diogu, geure buruari gudua irabazten diogu. Baina gaixotasunak irabazten duenean eta zure bizitza aldatzen duzuenean gaixotasun mentalagatik ongi sentitzeko, inflexio puntua da.

Babesgunetik ateratzera ohitu behar izan duzu, beraz.

Bai. Eta guttinaka hasi behar duzu. Nik erregistro bat neukan, eta bertan egun bakoitzean egiten nuen plana jartzen nuen. Adibidez, erosketak egitera joan naiz, edo zakurra hartu eta mendira joan naiz. Ondoan paratzen nuen 1etik 5era zenbat antsietate sentitu nuen, eta gero oharrak: harro nago antsietaterik ez dudalako izan, edo, kontrara, botika hartu dut antsietate krisi bat izan dudalako… Guttinaka, haur ttikiek bezala ikasi behar izan dut berriz ere sozializatzen. Lehenengo ahizparekin Lesakako zubiraino oinez joan, gero lagun batekin kafe bat hartzeko gelditu, gero bertze batekin, gero birekin…

Gaixorik egon zaren aldian zoriontsu egoteko presiorik edo derrigortasunik sentitu duzu?

Kanpoko presioa sentitzen duzu. Alde batetik, bertzeek zutaz zer pentsatzen duten pentsatzen duzu eta, aldi berean, zuk ere ikusten duzu sare sozialetan jendeak erakusten duen alderdi on hori. Hor egin behar duzun ariketa honakoa da: «25 urte ditut, lagunak ditut, familia on bat dut, herri zoragarri batean bizi naiz, eta zer? Hala ere laguntza behar dut, eta ez da deus pasatzen». Erratea erraza da baina, horretaz kontziente izatea, gogorra da. Zu kontziente zara badela jendea zu baino okerrago dagoena eta gai dena hori bakarrik gainditzeko. Baina, noski, pertsona bakoitza mundu bat da. Gogorra da kanpotik jendearen bizitza perfektua ikusten dugulako eta sare sozialen boom horrek min haundia egiten duelako.

«Konplexua izan da sentitzen nuena jendeari kontatzea»

Sendatze prozesuan kendu dituzu sare sozialak?

Zoriontsuen izan naizen garaia Instagram gabekoa izan da: mugikorretik ezabatzen dut, gelatik kanpo uzten dut eta, horrela, goizero ernatzean mugikorra ez da ikusten dudan lehen gauza. Terapiaren zati bat izan da hori. Zure kontra doazen faktoreak dira finean. Zu saiatzen zara sendatzen, baina aldi berean, ikusten duzu jendea oporretan eta pentsatzen duzu zu ongi egonen bazina hor egonen zinatekeela. Input horiei ez diet deus onik ikusten.

Azken urteetan, gainera, modan daude autolaguntza kontuak sare sozialetan.

Kontu horiek kontrako efektua eragiten dutela iruditzen zait. Instagrameko post bat irakurtzen duzu, denarekin identifikatua sentitzen zara, eta hamar diagnostiko ateratzen zaizkizu derrepentean. Batzuetan hobe da kanpoko hots horiek guztiak moztu eta konexio hori zure buruarekin egitea. Kanpoko input horiek izan daitezela hurbilekoak, ezagutzen zaituztenenak, zer duzun badakitenenak. Instagramek ez du filtrorik, ez daki zuk depresioa duzun eta dena erakusten segitzen dizu. Kanpoko soinu guzti hori isiltzeak lagundu dit.

Sare sozialak kentzen segitzen duzu?

Bai. Desintoxikatzeko modua da. Nahiz eta ongi egon, zure autoestimuan eragiten du, bada, pentsatu, prozesu zail batean bazaude, aunitzez ere gehiago.

Zein izan da jendearen erreakzioa bideoa ikustean?

Banekien oihartzuna izanen zuela, inoiz ez nuelako inor ikusia eskualdean horrelako zerbait erraten, baina ez nituen espero egun horretan zein hurrengoetan jaso nituen mezuak.

Nolakoak ziren mezu horiek?

Prozesua bukatzeagatik zoriontzeko idatzi zidaten, errandakoa gustatu zitzaiela aipatu zidaten, eta baita beraiek ere antidepresiboak hartzen ari zirela edo hartu zituztela kontatu ere. Ezkutuan dagoen komunitate bat aurkitu nuen. Kontent sentitu nintzen bideoa ikusita, pertsona horiek babesa sentitu zutelako eta talde baten parte sentitu zirelako. Batzuetan sentitzen duzu bakarrik zaudela guda honetan, ez duzulako inor gehiago ikusten.

«Ikusten ez den gaixotasuna da, baina pisu haundia du»

Gero eta gehiago solastatzen da osasun mentalaz baina uste duzu gizarte bezala prest gaudela osasun mentaleko gaixo bat ondoan izateko?

Ez. Ikusi dut jendeak lagundu nahi dizula batez ere maite zaituzten pertsonak, baina ez dakitela sobera ongi nola. Aunitzetan gaixotasun hauek zure umorearekin lotuak daudenez, ez dakite zerbait erranez gero gaizki hartuko ote duzun… Pozten naiz solastatzen dela gero eta gehiago, eta normala ere iruditzen zait, COVID-19ak min haundia egin duelako alderdi horretan. Baina ez dut uste prest gaudenik. Sekulako aldea dago psikologora joaten diren pertsonen eta joaten ez direnen artean. Nik denei gomendatzen diet joatea eta ez esperatzea arazo bat izan arte. Ni pozten naiz prozesua pasatu izanaz, nahiz eta hagitz gaizki pasatu dudan, badakidalako bertzela ez nuela neure burua orain ezagutzen dudan bezala ezagutuko. 5-6 urte dira psikologoarekin lan eta lan ari naizela, eta hobekuntza prozesu konstante bat da.

Inguruan jendea sumatu duzu zure egoera berean?

Ez. Urte pila bat izan dira eta ez dut eskualdeko inor aurkitu. Prozesua nahiko bakarrik bizi izan dut. Medikuak errana zidan jende pila bat zegoela, eta pentsatzen nuen lasai egoten ahal nintzela, ez naizelako arraro bakarra. Baina non dago jende hori? Fisikoki ikusten ez denez, mamu baten gisako gaixotasuna da. Ez da ikusten, baina hor dago eta pisu handia du.

Zer gelditzen zaizu hemendik aitzinera egiteko?

Psikologoarekin segitzen dut. Iruditzen zait behin neure burua ezagutzeko prozesua hasita, gauza aunitz gelditzen dela egiteko, eta ez dut uste inoiz bukatzen denik. Gauza pila bat daude ttikitatik ikasiak ditugunak hagitz zailak direnak aldatzen, eta beharbada ez direnak aldatuko, baina, beti badago zerbait egiteko.

«Anbizioa izan behar dugu geure burua ezagutzeko»

Beldurra duzu berriz ere zulora erortzeko?

Iruditzen zait nahiko inprobablea dela. Kontziente naiz zulo horretan erori nintzela gehiegi esperatu nuelako medikura joateko, eta nire izaeragatik ere bai, ez nuelako deus kontatzen, arazoak eta elkarrizketa deserosoak ekiditen nituelako. Orain bertze pertsona bat naiz. Antsietatearekin hasi nintzenean eta taldekide bati kontatu nionean zer pasatzen zitzaidan, kontzertu horretan ez nuen antsietaterik sentitu, motxila hori gainetik kendu nuelako. Badakit horrelako zulo batean erortzearen zati haundi bat izan zela deus ez kontatzea eta sobera berandu hasi nintzela dena kanpora ateratzen. Orain dena kanpoan dago eta badakit bertze arazo bat hasiko balitz, baditudala erremintak, psikologoa dudala, jendeak badakiela horrelako prozesu bat pasa dudala… Bertze egoera batean erortzen ahal naizela? Bai, baina ez dut beldurrik, uste dut hagitzez errazago kudeatuko nukeela.

Gaur egun psikologiako gradua ikasten ari zara. Gertatutakoaren ondorioz?

Bai eta ez. Aitzinetik haur eta lehen hezkuntzako graduak ikasi nituen, eta iruditzen zitzaidan haurtzaroarekin eta hezkuntza sistemarekin hagitz lotua dagoela osasun mentala. Ikasketa horiek osatzeko hagitz interesgarria iruditzen zitzaidan. Baina, bertzalde, banuen sekulako interesa ikusteko antsietateak nola funtzionatzen duen gure gorputzean: burmuinak nola funtzionatzen duen, zergatik pentsatzen ditugun gauza batzuk, zer izen duten diagnostiko ezberdinek… Azalpena bilatu nahi nion gertatzen zitzaidanari.

Zerbait gehiago kontatu nahiko zenuke?

Nik animatzen dut jendea gaizki egon gabe ere psikologoarekin bere burua lantzera. Iruditzen zait anbiziosoak izan behar dugula, eta gogoa izan behar dugula geure buruari buruz gehiago ikasteko. Noski, arazoren bat baduzu, ez esperatzeko eta nahiz eta ez izan arazorik, ez hartzeko arrarotzat psikologora joatea. Eta babesa bilatzeko inguruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun