Olatz Salvador musikariak piztuko du Irrisarriko txondorra larunbatean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 31a, 14:00

Txondorra larunbatean piztuko du 18:00etan Olatz Salvadorrek.

Larunbatean, azaroaren 2an, piztuko dute Igantziko Irrisarri Land parkean 11. txondorra 18:00etan. Urtero bezala pertsona edota erakunde bat omenduko dute eta aurten Olatz Salvador musikari donostiarra izanen da omendua eta txondorra piztuko duena.

Aitzineko urteetan Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Xabier Agote, Toti Martinez de Lezea, Aizpea Goenaga, Itziar Sistiaga, Julian Iantzi, Pilar Otegi eta Ignazio Carrillo eta Mikel Urdangarin arduratu ziren txondorra pizteaz. Iaz, aldiz, Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak piztu zuen.

Txondorra piztearekin batera, musika emanaldi bikainak egonen dira. Batetik, Sergio Muñoz biolin jotzailearen emanaldia egongo da txondorraren inguruan. Bertzalde, Gorka Zabaleta kantautoreak ere bizpahiru abesti kantatuko ditu gitarrarekin batera. Azkenik, Zubietako Joaldunak ere bertan izanen dira.

Txondorra ikusteko aukera

Txondorra eraikitzeko, aurten inguruko basoko 18.000 egur-ikatz kilo erabili dituzte  bereziki gaztainondo eta haritza. Behin piztu ondotik, boluntarioak ariko dira txondorra zaintzen hilabetez eta gauzak ongi badira, urte amaierarako ikatza izanen da. Guti goiti-beheiti denera 5.000 kilo ikatz lortzea espero da, azken urteetan bezala jatetxeko parrillan erabiltzeko heldu den denboraldian.

Larunbatetik eta abenduaren 31era bitartean ikaztegia bisitatu ahal izanen da, bertan dagoen museoarekin batera. Bertan, garai bateko ikazkinen bizitza estiloa eta lan egiteko modua ikusi eta ikasi ahal izanen da. Horretarako espresuki egina dagoen ibilbidea ere egiten ahal da eta trenez ikusi dena.

Abenduaren 14an Olentzero eta Mari Domingi

Abenduko bigarren larunbatean, abenduaren 14an, Olentzero eta Mari Domingi egun osoan egongo dira IrriSarri Landen, neska-mutilen eskutitzak jasotzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun