Lesakako argazki zaharrak ikusgai paratuko dituzte komentuan azaroaren 2tik 10era

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 31a, 09:00

Horrelako 150 bat argazki ikusgai izanen dira azaroaren 2tik 10era Harriondoa kultur etxeko komentuan.

Udalak eta boluntario taldeak mila argazki bildu dituzte eta horietatik 150 bat izanen dira erakusketan

Azken hilabeteetan, Lesakako Udala eta herritarren boluntario talde bat elkarlanean aritu dira Lesakako argazki zaharren bilduma osatzeko. Horretarako, herritarrak animatu dituzte etxeetan zeuzkaten argazki zaharrak herriko etxera eramateko eta digitalizatzeko. Honela, guztira 1.000 argazki inguru bildu dituzte, horietatik 150 bat egonen dira erakustaldian. Orain, argazki hauek guztiak erakusketa batean aurkezteko momentua ailegatu da.

Azaroaren 2tik 10era erakusketa

Harriondoa kultur etxeko komentuan ikusgai izanen dira argazkiak azaroaren 2tik 10era (astelehenetik ortziralera 17:00-19:30; larunbata 11:00- 13:30 eta 17:00-19:30 eta igandea 11-13:30). Honez gain, norbaitek etxean argazki zahar gehiago baldin baditu, hauek erakusketara eramatera animatzen ditu udalak, honela bilduma handitzeko. https://lesaka.artxiboa.eus helbidean argazkiak ikusteko eta igotzeko aukera ere izanen da. Udalak eskerrak eman nahi dizkie argazkiak ekarri dituztenei eta, bereziki, hilabete hauetan hauek digitalizatzen, antolatzen, informazioa bilatzen eta erakusketa prestatzen aritu den boluntario taldeari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun