Baserritarren Eguna ortzirale goizean
Ekaitza Elkarteak antolatuta, ortzirale honetan, azaroaren 1ean, Baserritarren Eguna Arantzan eginen dute. Aurtengoa 28. edizioa izanen da, eta beti bezala, goiz osoan, herritarrek salmentako eta erakusketako postuak paratuko dituzte frontoian. Baratzeko eta baserriko produktuak, baserriko tresnak, eskulanak, postreak eta opilak... Aukera zabala izanen da. Horrez gain, plazan aziendak ikusgai izanen dira.
Tragoxka bat hartu eta pintxo bat jan nahi duenak ostatua ere izanen du frontoian eta bildutako dirua Arantzako eskolarentzat izanen da.
Gainerakoan, gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte, eta goizean saldutako txartelekin, eguerdian zozketa eginen dute. Lehiaketako gaztekin enkantea ere eginen dute.
Hondarreko urteetan bezala, salmentako postuen kokapena zozketa bidez zehaztuko dute Ekaitza Elkartean. Bihar, ortzeguna, 18:00etan eginen dute zozketa soziedadean, eta edozein hurbiltzen ahal izanen da. Ondotik, plaza eta frontoia egokituko dituzte biharamunerako dena prest izateko.
Ortzirale arratsaldean ipuin kontalaria eta merienda
Arratsaldean, Arantzako Guraso Elkartearen eskutik, Amelie ipuin kontalaria ariko da eskolako gimnasioan. Bi saio eginen ditu: 17:00etan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenbiziko eta bigarren mailako ikasleentzat; eta bigarrena, 18:00etan, 3. mailatik goitikoentzat.
Larunbatean partxis eta mus txapelketak eta Mikel Markezen kontzertua
Larunbat arratsaldean segituko dute hitzorduekin. Ekaitza Elkarteak antolatuta, 16:00etan partxis txapelketa eginen dute soziedadean. Hamalau urtetik beheitiko haurrek parte hartzen ahal izanen dute. 17:00etan, berriz, mus txapelketa eginen dute, hori ere Ekaitza Elkartean.
19:00etan Mikel Markezek hartuko du lekukoa eta eskolako gimnasioan kontzertua emanen du.
Igandean helduentzako bakarrizketa
Kultur egunak umoretik borobiltzeko, Mirari Martiarenaren eta Idoia Torregarairen Ztandap helduentzako bakarrizketa ikusgai izanen da, 18:00etan eskolako gimnasioan.