Loreak zaintzea ez da batere lan erraza, hortaz, «hasieran Frantziara, Landa inguruetara joan ginen landareei buruz ikastera. Gainerakoa gure kabuz ikasi dugu». Izan ere, «praktika, denbora eta esperientzia» dira maisu hoberenak lorezaintzan.
Urteekin «aunitz aldatu da landareak erosteko ohitura. Lehen etxean bertan izaten zituzten loreak eta balkoiak pixka bat apaintzeko bakarrik erosten ziren; orain inguruetan paratzeko, etxe barneko loreak… denak erosten dituzte, eta hurrengo urtean aldatzen dituzte. Normala da, orain jende aunitzek etxetik kanpo egiten du lan eta ez dute hainbertzeko astirik landareei eskaintzeko».
Hori dela eta, dendako eskaintza ere garai berrietara moldatu dute: «sasoiaren arabera aldatzen da eskatzen diguten lore mota, lehen normalean geranioak izaten ziren eta orain surfiniak, kalibratxoak… modako loreak dira». Hala ere, «35 urteren ondotik bezeroak ongi ezagutzen ditut, haien gustuak ikasiak ditut, eta atetik sartzen diren momentutik badakit zer behar duten».
Eta noski, dendatik hainbertze pertsona pasatu ondotik, bitxikeria bat edo bertze ere badu kontatzeko: «aspaldi-aspaldian, pertsona bat preso utzi nuen hemen barnean ixten ari nintzenean. Dena itzaltzen hasi nintzen eta aldatzera joan nintzen, eta bueltatzean denda itxi nuen. Tarte horretan bezero bat sartu zen nik ikusi gabe, eta barnean gelditu zen». Gogoratu duenez, «hagitz graziosoa izandu zen. Landareak freskatzeko aspertsorea itzali nuen eta joan nintzen, eta bezero horrek gero kontatu zidan bat-batean euria gelditu zela eta ate guziak itxi zirela». Hori gutti balitz, «urte batzuk beranduago, gauza bera gertatu zitzaigun bertze bezero batekin!».
Egun berezia
Santu Guzien Eguna hurbil dugu eta dendan ere prestaketekin hasiak dira, «leku aunitz behar izaten baita. Urteko egunik fuerteena da; denek gogoratu nahi dituzte haien hildakoak». Hori dela eta, «orain, azkeneko bi asteetan, mugimendu haundia izaten dugu. Lehen denbora gehiagorekin egiten zituzten eskaerak, irail bukaeran, eta loreak gordetzeko eskatzen ziguten. Orain ere bai, baina hagitzez beranduago hasten dira, azkeneko 15 egunetan edo». Hala ere, «kanposantura loreak eramateko ohiturak fuerte segitzen du».
Egun horrez gain, udaberria dute sasoirik jendetsuena dendan; «martxoan hasten da goi denboraldia eta apiril hondarrean eta maiatz osoan etortzen da batez ere jendea. Maiatzaren lehenbiziko egunetarako balkoiak apainduak izateko ohitura izaten dute batzuk».
Etapa baten bukaera
Azaroaren 11n hartuko du erretiroa Errandoneak eta, aitortu duenez, «pena haundiarekin» utziko du denda; «egunero etortzeko ohitura hartua dut eta nire errutina aldatu beharko dut». Hala ere, «senarra eta bi semeak hemen geldituko dira eta pentsatzen dut noizbehinka bisita egitera edo laguntzera etorriko naizela. Dendak segida izanen du, ni urrunetik begira gelditzen banaiz ere, eta ongi moldatuko dira». Gainera, erretiratuta ere, argi du «ez naizela geldirik egonen. Lorerik gabe ezin naiz bizi, eta etxean bada ere, landare artean segituko dut».
Azkenik, «eskerrak eman nahi dizkiet bezero guztiei. Jende pila bat ezagutu dut urte hauetan guzietan eta hagitz gustura aritu naiz haiekin».