Goizean goizetik jende aunitz ibili zen atzo Beran. 10:00etan ireki zuten azoka Ainara Agirre eta Iñaki Iriarte txalapartariek. Ordurako, goiztiarrenak erosketak egiten hasiak ziren.
Aurten berrikuntzekin egin dute azoka, eta ardiak izan ziren protagonista Merkatu Plazan. Bertan egin zuten gasna lehiaketa, aurten, lehenengo aldiz epaimahai herrikoiarekin. Horrekin batera, plaza horretan paratu zituzten ardiekin erlazionatutako elikagai zein eskulangileen postuak. Artilea harilkatzen ikusteko aukera izan zen, kaikuak nola egiten ziren ikusteko aukera ere bai, eta baita Berako hainbat baserritako produktuak eta artaldeak ikusteko ere. Horrekin batera, baserriko lan tresnen erakusketa ere paratu zuten urteroko gisan.
Altzateko plazan elikagaien salmenta postuak paratu zituzten, eta Altzate karrikan artisauen postuak eta erakusketak.
Musikak ere izan zuen protagonismoa eta Irats eskolako trikitilariak, musika eskolako txistulariak eta Berako Bandak eta talde instrumentalak emanaldiak egin zituzten goizean.
Bertsolariak, mutxikoak eta gaztainak arratsaldean
Arratsaldean izan zuen segida bestak. Ohikoa den gisan bertsolariak arduratu ziren gasna eta sagardo lehiaketako irabazleak iragartzeaz. Aurten, parte hartze haundia egon da bi lehiaketetan. Gasna lehiaketan 16 gasna aurkeztu zituzten eta herri epaimahaiak Igantziko Bordazabal baserriko Francisca Apeztegiaren gasna aukeratu zuen irabazle. Saritzat 250 euro eta kaikua hartu zituen. Bigarren postuan Arantzako Seroren bordako Margarita Madariagarentzat izan zen eta 150 euro eta kaikua hartu zituen. Hirugarren postua Berako Atala bordako Jose Mari Irazokirentzat izan zen.
Sagardo lehiaketan, aldiz, 15 botila aurkeztu zituen eta iaz bezala aurten ere Lesakako Aialde baserriko Alberto Otxotekok irabazi zuen. 200 euro eta Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzako otordua lortu zituen. Bigarren postua, aldiz, Berako Uraldea baserriko Jose Irastorzarentzat izan zen eta saritzat 100 euro eta Linddurrenbordan bi lagunentzako otordua hartu zituen
Sari banaketaren ondotik, bertsolarien saioa izan zen eta eguna borobiltzeko Otsanda txarangaren eskutik mutxikoak izan ziren. Tenore berean gaztaina erreak eta sagardoa dastatzeko aukera izan zen Altzateko plazan, eta baita taloak erostekoa aukera ere.
Ekitaldiak bezperan hasita
Bezperan ere giro ederra izan zen. Lizuniagako Igoeraren 43. edizioa egin zuten, eta ondotik Bera Kantari atera zen karrikaz karrika kantatzera. Ondotik, ilunabarrean, Elutxa Txaranga aritu zen ostatuz ostatu, eta ondotik besta giroa izan zen herriko ostatuetan goizaldeko ordu ttikiak arte.