Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak urriaren 27an ospatu du bere eguna, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatua. Aurten 85 eta 90 urte bete dituzten bazkideak omendu dituzte.
1934an jaiotako bazkideak Tere Aierza eta Eduardo Mitxelena dira (90 urte) eta 1939an jaiotakoak, berriz, Juanito Fernandez, Javiera Ariztegi, Margarita Zubiri, Ascension Ordoki, Juan Manuel Ramirez, Endika Lekaroz, Luis Zoco eta Francisca Irazoki (85 urte). Maddi Zubieta Eneterreagak Aurreskua dantzatu zien, Karmele Apezetxea eta Joseba Etxepare txistularien doinupean, eta oroigarriak eman zizkieten.
Ondotik bazkaria izan dute Berako Zalain jatetxean eta bazkalondoan, dantzaldia eta txapelketetako sari banaketa egin zuten. Aurten, ibilaldi arautuan Isabel Larralde eta Jose Luis Portu bikotea nagusitu zen; Arku eta Igela jokoetan, Alfonso Feito; boloetan Arantxa Errandonea eta tokan, Victoriano Ruiz.