Nor da Maitetxu Leonis?
55 urte dituen emakumea, ezkondua eta bi semeren ama. Landetxea dut eta hori kudeatzen dut.
Zein dira zure zaletasunak?
Irakurtzea, lasai egotea, naturari begira atseden hartzea… Bizitzako une denak gozatzen saiatzen naiz.
Zenbat urte dira Iandetxean lanean hasi zinela?
1991n ireki zuen Iratxeko berea amaginarrebak, eta 1999an haurdun nintzela proposatu zidan kanpoko lana utzi eta bien artean kudeatzea.
Zergatik animatu zinen ?
Proposamena gustatu zitzaidan. Ostalaritzan aritzen nintzen lanean, eta haurra izatean erosoa iruditzen zitzaidan. Eta geroztik hemen segitzen dut.
Gaur egun zein motatako turistak ibitzen dira Bera inguruan?
Guk etxe haundia dugu, 10 gela bikoitz eta talde haundiak izaten dira, familiak umeekin, normalean.
Eta zer bilatzen dute?
Elkarrekin egotea, ingurua ezagutzea…
Zer leku bisitatzen dituzte inguruan?
Larhunera eta Zugarramurdira aunitz joaten dira, baita Iparraldera ere: Sarara, Ainhoara, Ezpeletara… Etxalar, Lesaka, Elizondo ere ikusten dituzte eta baita Gipuzkoa ere.
Berriki landetxea egokitu duzue behar berezientzako.
Bi seme ditut. Gazteenak 21 urte ditu eta behar bereziak ditu eta, nahi gabe ere sentsibilizatuta gaude hurbilean tokatzen zaigulako. Etortzen diren bezeroetan ere ikusten dugu behar bereziak dituztenak. Eskailerak politak bai, baina ez dira erosoak. Duela bi urte barrua egokitu genuen eta orain kanpoko ingurua.
Nolakoa izan da estreinua?
Polita. Lanak bukatu eta segidan betiko bezero batzuk etorri ziren, eta horietako bat gurpil aulkian dago. Berak estreinatu zuen eta, bai bera eta bai gu, hagitz kontent gelditu gara.
Zein asmo dituzu epe motzera?
Lan aunitzeko urtea izan da, obrak, ikastaroak… eta niretzako denbora gehiago hartu nahiko nuke.
Eta epe luzera?
Oronoz-Mugairin eguneko zentroa egiten ari dira, eta horri begira ari gara semea bertara joanen delako. Bertzelakoan, azken aldian egindako lanez disfrutatu nahi genuke. Gure lana polita da jendea ongi pasatzera etortzen delako, umore onez, eta horretaz gozatu nahiko genuke.