Lesakan parke eoliko egitasmo berri baten inguruko informazioa elkarbanatzeko batzarra deitu du udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 28a, 14:00

Duela lau urte Auzoberriko parke eoliko egitasmoaren kontrako hainbat mobilizazio egin zituzten Lesakan.

Asteazkenean 20:00etan eginen dute Herriko Etxeko batzar aretoan

Lesakako Udalak berriki parke eoliko baten inguruan informazioa jaso du. Herritarrekin honen inguruko informazioa elkarbanatzeko batzarra eginen du urriaren 30ean, asteazkenean 20:00etan hasita, Herriko Etxeko batzar aretoan.

Duela lau urte ere Auzoberri auzoan parke eolikoa egiteko proiektuak bazterrak aztoratu zituen Lesakan. Honen kontra Endara Bizirik plataforma osatu zuten bizilagunek eta hainbat mobilizazio eta informazio bilera egiteaz gain, proiektuaren kontrako 3.433 sinadura aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan, Ladis Satrustegi alkatearekin eta Jose Luis Etxegarai zinegotziarekin batera.

Orduz geroztik, inguruko hainbat herritan izan da parke eolikoen inguruko mugimenduak, baina Lesakan isilik zegoen afera. Lau urte beranduago, berriz ere parke eoliko baten inguruko informazioa jaso du udalak eta horren inguruak solastatzeko bilduko dira asteazkenean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun