«Errealitate gogorra, miseria gorria, egoera latza, begirada tristeak, etorkizun beltza eta iluna...». Ganix Arruti Terrerosek (Lesaka, 1999) eta Luis Laurnagarai Mihura Garrak (Baztan, 1975) hitz horiexek erabili dituzte Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatuen kanpamentuan bertatik bertara ikusi dutena hizpide hartu dutenean.
Ezaguna dute hango egoera. Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE), Arrutik hiru eta Garrak bi asteko egonaldia egin zuten urte hasieran boluntario, Europara ailegatzen diren errefuxiatuentzat egunero 3.000 bat otordu prestatu eta banatuz. Esperientzia «izugarria» izan zela diote, eta «kontent» dira egindakoa eginda, baina aldi berean, biek aitortu dute «hunkituak» bueltatu zirela.
Zergatik boluntario?
Arrutiri duela urte batzuk sortu zitzaion halako ekintza solidario batean parte hartzeko grina: «Orain dela hiruzpalau urte, Malerrekako lagun bat Kioseko kanpamentuan errefuxiatuei laguntzen ibili zen, eta berarekin mintzatu ondotik, txirrinta sortu zitzaidan. Handik goiti, informazioa biltzen hasi nintzen, eta joan den urtean, abendutik otsail erdialdera langabezian nengoela probestuz, Zaporeak elkartera deitzea erabaki nuen».
Garrak, berriz, «beti buruan» omen zuen halako zerbait egiteko ideia: «Betitik banuen holako zerbait egiteko gogoa, eta Interneten begira ibilia nintzen. Gobernuz Kanpoko Erakunde aunitz daude, eta dudak nituen zein aukeratu. Baztango Udaleko gizarte langileari aipatu nion, eta berak Zaporeak gomendatu zidan, arras ongi funtzionatzen duela erranez. Deitu eta informazioa galdetu nien, aunitz gustatu zitzaidan nola funtzionatzen duten, eta ilbeltzean ongi heldu zitzaidala erran eta apuntatu nintzen. Handik bizpahiru astetara deitu zidaten joateko aukera nuela eta Donostian informazioa emateko bilera eginen zutela errateko».
«Kanpamentuko irudirik ezin da atera, handik ahalik eta informazio gutien ateratzea nahi du Greziako Gobernuak»
Hain zuzen, Zaporeak elkarteak boluntarioei informazioa emateko egindako bilera horretan izan zuten Arrutik eta Garrak elkarren berri. «Lesakarra zela enteratu nintzenean, aunitz lasaitu nintzen», onartu du baztandarrak. Gainerakoan, «dudak argitu eta dena esplikatu ziguten, baita arauak zorrotz bete behar direla garbi utzi ere». Adibidez, kanpamentuan sakelakoa ez erabiltzearen garrantzia azpimarratu omen zieten: «Kanpamentura ezin izaten genituen mugikorrak sartu eta sukaldean uzten genituen. Kanpamentuko irudirik ezin da atera, handik ahalik eta informazio gutien ateratzea nahi du gobernuak. Kontatu ziguten, Gobernuz Kanpoko Erakunderen bateko boluntario batek bideoak atera zituela, eta erakundea handik kanporatu eta zuzendaria kartzelara bidali zutela. Pertsona batek holako proiektu bat hankaz goiti paratzen ahal du». Edozein moduz, «gehienbat psikologikoki prestatuta joatea» nabarmendu omen zieten. «Ongi ez bageunden, ez joateko erran ziguten, egoera latza baita».
Arruti joan zen lehenbizi, Garra ondotik, eta elkarrekin bueltatu ziren. Otsailaz geroztik, zortzi laguneko boluntario taldea joaten da Zaporeak elkartearekin, baina Garra eta Arrutiren kasuan, bortz lagun joan ziren. Diotenez, «talde elegantea» osatu zuten: «Jendea bere borondate guziarekin apuntatzen da, baina denetarik joaten da. Gure kasuan, gure artean giro ona izan genuen eta hagitz ongi moldatu ginen. Hori ere gakoa da. Oraindik badugu harremana eta tarteka elkartzen gara».
Sukaldeko lana
Euskal Herritik Lesboserako bidea hegazkinez egin ondotik, aireportutik hango etxera eramaten dituzte boluntarioak. Hala egin zuten Garrarekin eta Arrutirekin ere, eta biharamunean hasi zuten hango errutina: «Goizero-goizero, koordinatzaileekin, furgoneta hartu eta sukaldean lanean aritzen diren errefuxiatuak kanpamentutik eta herritik bildu eta sukaldera joaten ginen. Zaporeak elkarteak etxe handi bat errentan hartua du Lesbosen, sukalde handi batekin, eta han prestatzen genuen jatekoa». Sukaldean «chefa» eta hari laguntzen «bertze hiruzpalau lagun» aritzen omen ziren jatekoa prestatzen. «Gu, bitartean, fruta sailkatzen, taloak egiten, lekaleak ontzietara botatzen... Eta jatekoa prest zegoenean, ontzietatik tuperretara. Batek bota, bertzeak tapa paratu, bertzeak itxi eta bertzeak kaxatan sartu. Errazioak prestatutakoan, batzuk kanpamentura joaten ginen jatekoa banatzera eta bertzeak sukaldean gelditzen ginen garbitzen». Zehaztu dutenez, «egunero 3.050 otordu» prestatzen zituzten: «Arroza dilistekin edo garbantzuekin, makarroiak... Gehienbat arroza, pasta eta lekaleak izaten zen. Eta bakoitzari tuper bat, fruta bat eta talo bat ematen genien; hori egun osorako».
Gerretatik eskapu
Ekialde Hurbileko eta Afrikako gerretatik eskapu doazen iheslariak dira kanpamentura ailegatzen direnak: Afganistandik, Eritreatik, Somaliatik, Palestinatik, Siriatik.... Haientzat Turkiatik hurbil Europara ailegatzeko ate nagusietako bat bihurtu da Lesbos uhartea. Eta «errefuxiatuak gu bezalako jende arrunta» dela azpimarratu dute: «Baziren obretako langileak, irakasleak, enpresariak... Gu bezala».
Egin behar duten «trabaz betetako bide luzea» ere kritikatu dute: Lehenbizi Turkiara ailegatzea dute helburu; han ordainduta patera hartu; Lesbosera ailegatzea lortzen badute eta poliziak deportatzen ez baditu, errefuxiatuen kanpamentura sartu; eta handik Alemaniara joan. Dena xehe-xehe argitu dute.
Sorterritik Turkiara
Turkia dute lehenbiziko helmuga: «Gerratik eskapu, 2.000, 3.000 edo 4.000 kilometro eginda ailegatzen dira Turkiara. Ez da erraza izaten, eta bidean jende aunitz hiltzen da».
Turkiatik Lesbosera pateran
Turkiara ailegatzea lortzen dutenentzat amesgaiztoa ez da bukatu: «Turkian dirua dutenek aitzinera segitzen dute. Bidaia bakoitzeko 3.000 euro ordainduta, patera eta txaleko miserable bana ematen diete eta Lesbosera abiatzen dira». Horren bueltan, Turkian dagoen «mafia» aipatu dute Garrak eta Ganixek, eta Turkiatik Lesbosera pateran egiten duten hamaika kilometroko bidea nola den esplikatu dute: «Ahalik eta eguraldi txarrenarekin abiatzen saiatzen dira, ekaitz handiko momentuetan, poliziak ez itsasoan harrapatzeko. Poliziak harrapatzen baditu, deportatu egiten dituzte, edo aunitzetan, motorra xehatuta noraezenean uzten dituzte Egeo itsasoan; eta itsasoa hagitz zakarra da». Uhartera ailegatzea «loteria» da. Datu bat ere eman dute: «Dokumentatua dago pertsona bat 20 bat aldiz saiatu dela Turkiatik Lesbosera ailegatzen».
Eta Lesbosen zer?
Lesbosera ailegatzen badira, han dute gainditu beharreko hurrengo koska: «Uhartean, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko kideak eta poliziak egoten dira; bietako zeinek lehenagotik harrapatuko. Mugarik Gabeko Medikuak elkartekoak badira lehenbizikoak kanpamentura sartzen dituzte, baina poliziak aitzinatzen badira, bueltan bidaltzen dituzte».
Eta kanpamentuan hurrengo galbahea: «Gerratik eskapu heldu direnak dira, Europan bizi hobea nahi dutenak, bertzerik ez, baina kanpamentura ailegatzean galdetegi zorrotzak egiten dizkiete. Horren arabera, eskubide gehiago edo guttiago onartzen dizkiete». Adibide batzuk paratu dituzte: «Gu han ginenean, baziren kanpamentutik 10:00etatik 23:00etara ateratzen ahal zirenak, baina baziren igandetan bakarrik ateratzen ahal zirenak edo atera ezin zutenak. Eta batzuk kanpamentuan bizi ziren, eta bertzeak Mitilini herrian. Ez genuen konprenitzen zergatik egiten zituzten bereizketak».
Errefuxiatuen kanpamentua
Hitz guti aski izan dituzte Garrak eta Arrutik Lesboseko kanpamentuko egoera deskribatzeko: «Hura kartzela handi bat da eta hango bizia miserablea, inhumanoa». Hango «suizidio tasa altua» ere azpimarratu dute: «Milaka kilometro egiten dituzte Europara ailegatzeko, eta ailegatu eta zer dagoen ikusten dutenean, aunitzek bere burua hiltzen dute».
«Lesboseko kanpamentua kartzela handi bat da»
Kanpamentuko «errefuxiatu gazteen begirada galdua» ere hizpide hartu dute: «Haurrak ez ziren sobera enteratzen, eta zaharrek egin beharrekoa egina dute, baina 20-30 urteko gazteak esperantzarik gabe ikusten ziren. Auskalo zer saldu dieten mafiek, eta badakizu zenbat urte joanen zaizkien 'bizitza normala' lortzeko? Eta hori noizbait lortzen badute!». Eta ez da hori bakarrik: «Gero eta neurri zorrotzagoak hartzen ari dira, Europako herrialde guzietan gero eta murrizketa gehiago dituzte, eta badakite hori».
Orokorrean errefuxiatuek duten «zama psikologiko handiaz» aritu dira, eta bi kasu aipatu dituzte. Bat Palestinatik eskapu ilobarekin kanpamentura ailegatu zen gizonezkoarena: «Urtebete lehenagotik 50 bat langileko enpresa baten jabea zen, baina gerra hasita, familiako 27 lagun hilak zituen, gurasoak, seme-alabak, emaztea... Berak eta ilobak bakarrik lortu zuten Lesbosera ailegatzea. Dena galdu duenean zer izanen du buruan? Bonbak ikusi ditu, familia galdu du... Zer egiten ahal du?».
Eta bertze kasu batez ere aritu dira: «Gurekin sukaldean lanean aritzen zirenek erraten zuten, kanpamentuan zeuden errefuxiatuei 'senitartekoren bati lepoa moztu diote' bezalako mezuak ailegatzen zitzaizkiela. Halako berri aunitz hartzen dituzte».
Gainerakoan, kanpamentuan «telazko kanpin dendetan eta erranen dugu 'aberatsenak' kontainer gisako batzuetan bizi dira, eta hori luxua iruditzen zaie. Han neguak bi hilabete irauten omen du, eta haiek manera horretan bizitzen ikustea ikaragarria da... Gu gure zamar, lepoko eta guzi hotza egiten zuelako, eta haietako aunitz txankletekin, mahuka motzetan, txaketa txar batzuekin...».
«Egunean errefuxiatuentzat otordu bat prestatzen dute Zaporeak-ekoek, baina desgraziaz ezin denengana ailegatu»
Jatekoa ere arazo handia da. Egunean errefuxiatuentzat otordu bat prestatzen dute Zaporeak-ekoek, baina hori ere ez da aski. «Desgraziaz ezin denengana ailegatu», aitortu dute Garrak eta Arrutik. «Eurek egindako aukeraketaren arabera banatzen dituzte tiketak eta tiketa dutenek bakarrik eskuratzen ahal dute errazioa. Garbi utzi ziguten tiketik gabekoei ezin geniela jatekorik banatu».
Kanpamentuan «familia aunitz» ikusi zituztela ere adierazi dute, eta han zeuden «6.000 eta piko errefuxiatuen artean, 2.000 baino gehiago haurrak» zirela argitu dute: «Horien artean 80k zuten Mitiliniko eskolan ikasteko aukera. Bertako haurrek klasea bukatu eta arratsaldetan sartzen ziren. Baina hezkuntza hutsaren hurrengoa da».
Alemania begiz joa
Lesboseko kanpamentuan errefuxiatuek «hilabeteak edo urteak» pasatzen ahal dituztela esplikatu dute bi boluntarioek, eta «batzuei lehenagotik eta bertzeei beranduago, Alemaniako errefuxiatuen kanpamentura bidaiatzeko baimen gisako bat ematen diete. Alemaniako kanpamentua Lesbosekoa baino dezenteagoa dela erraten dute: eskolarekin, medikuekin, diru sarrerekin... Alemaniako gunean bortz urte pasatu behar dituzte, eta horren ondotik Europako Batasuneko nazionalitatea ematen diete. Urteak behar dituzte amestu duten momentu horretara ailegatzeko».
Baina ez beti: «Momentu jakin batzuetan errefuxiatuak Lesboseko kanpamentutik kanporatzen dituzte, eta Alemaniarako bidea oinez egin behar izaten dute». Balkanetako Bidea deitua da hori, eta «zati horretan ere aunitz hiltzen dira, hor ere mafia ikaragarria dagoelako. Ordainduta halako tokira kamioian eramanen dituztela agintzen diete, baina ezusteko handiak izaten dituzte. Kanpamentutik atera eta hegazkinean Alemaniara joateko baimen hori lortzen ez badute, euren gisa bidea egiten hasten direnen artean, hagitz-hagitz gutik lortzen dute ailegatzea».
«Hunkituak»
Lesboseko egonalditik «hunkituak» bueltatu zirela onartu dute Arrutik eta Garrak, «gorputzaldi arraroarekin», hango «errealitate gordinarekin eta miseria gorriaren» lekuko zuzenak izan baitira. Eta badituzte bereziki bihotzean iltzatutako kontuak. «Egun batean jendea hor dago, eta biharamunean ez. Ekaitz handiko arrats batean pateran abiatu eta hamabi lagun hil zirela erran ziguten, bertze batean zortzi... Han geundela paterak hutsik ailegatzen ikusi genituen, eta ondotik txalekoak, gorpuak... Hura gogorra da».
«Hunkituak eta gorputzaldi arraroarekin bueltatu ginen»
Poliziei buruz jakinarazi zietena ere ekarri dute mahai gainera: «Turkiatik Lesbosera ailegatzen saiatzen direnean, Turkiako, Greziako eta Europako poliziak gainditu behar dituzte. Hango jendeak erran zigun polizia batzuek euren txalupetan makila edo lantza batzuk izaten dituztela errefuxiatuen paterak zulatzeko; edo motorra xehatuta, hor uzten dituztela errefuxiatuak. Hori erakusten duten bideoak badirela ere erran ziguten».
Horrez gain, jendea jatekorik gabe gelditzea ere gogorra egin zitzaien, batez ere umeak: «Jatekoarekin kanpamentura joaten ginenean, lerroan jarrita egoten ziren esperoan. Eta dena bukatzean, haurrak han gelditzen ziren zerbaiten esperoan, eta guk ezin deus egin. Hagitz gogorra zen jendea, tartean, haurrak, goseak jatekoa eskaka ikustea eta ezin eman. Denak hagitz kontatua zen».
Honela gaineratu dute: «Errefuxiatuen kopurua aldakorra da, baina gu han ginenean, 6.000 eta piko ziren. Guk egunero 3.050 errazio prestatzen genituen; Greziako Gobernuak bertze 2.500 otordu ematen zituen, eta beraz, 500-600 lagun jan gabe gelditzen ziren». Gehiago ere bai: «Greziako Gobernuak ematen duen jatekoa ez zen osasuntsua, errefuxiatuei eritasunak sortzen zizkiela sumatua zuten eta ez zuten jan nahi izaten. Hortaz, Zaporeak-ek errefuxiatuen erdiei emanen lieke, eta bertze erdia elikagai osasuntsurik gabe geldituko litzateke. Ikaragarrizko basakeria da». Hango egonaldian izandako anekdota bat ere gogoan dute: «Egun batean zalaparta handia sortu zen jatekoa banatzen ari ginenean; jendea joka hasi zen eta tentsio handiko momentuak izan ziren. Guk urrutitik ikusi genuen, baina badakizue zergatik sortu zen saltsa? Platano batengatik. Hangoa nolabait bizirik irautea da».
Bertze detaile bat ere kontatu dute: «Zaporeak-ek prestatutako jatekoa Greziako Gobernuaren furgonetan sartzen zuten kanpamentura, gobernuak prestatu izan balu bezala, nahiz eta errefuxiatuek bazekiten aski ongi nondik heldu zitzaien jatekoa. Kontua da, Europatik dirulaguntza handia hartzen duela Greziako Gobernuak, eta interesatzen zaio Zaporeak-ek han segitzea. Ustelkeria handia dago».
Zaporeak-en lana
Zaporeak elkartearen «lan inportantea eta nahitaezkoa» ere nabarmendu dute; «dena hagitz ongi antolatua» duela eta «fundamentu handia» egiten duela. Bai han, baita hemen ere, «Euskal Herrian ere hainbat eta hainbat jarduera egiten dira, harat bidaltzeko janari edo diru bilketak, adibidez». Eta aukera probestuz, laguntzeko deia egin dute, argi baitute «laguntzeko modu anitz» daudela: «Boluntario joaten ahal zara bizpahiru aste pasatzera, edo bazkide egiten ahal zara, janari bilketak antolatu... Zaporeak hagitz erakunde gardena da, kontuak argi erakusten dituena. Eta baieztatzen ahal dugu hemen bildutakoa ailegatzen dela, gure begiekin ikusi genuelako eta goseak zegoen jendeari banatzen aritu ginelako».
Hala ere, Zaporeak-ek egiten duen lanetik haratago, zerbait egiteko beharra adierazi dute bi boluntarioek: «Zaporeak-ek lan ona egiten du eta horri esker jende aunitzek egunero jaten du. Baina gerrek segitzen dute eta gobernu politikek ere igual segitzen dute. Egiatan errotik gai honi soluzioa emateko egunerokoan lanean hasi behar dugu, langile klasea elkartu eta eskubideak borrokatzen. Guk Lesboseko egoera ikusi dugu, baina munduan hainbat tokitako herritarrak ari dira sufritzen. Mundu mailako arazoa da, eta sufritzen ari dena betiko jende xumea da, langilea, eta ezin dugu horrela segitu». Hala, «ernatzeko eta munduan pasatzen ari denari begiratzeko» deia egin dute, eta hortik aitzinera, «bakoitzak ikusiko du nola lagundu; denok zerbait egin beharko genuke».
Lesbosera begira jarrita, bueltatuko diren galdetuta, Garrak argi du «baietz», eta Arrutik «Lesboseko kanpamentura ez bada, bertze batera» joanen dela baieztatu du. Ikastetxe batzuetan ere ibili dira hango esperientzia kontatuz, eta «hagitz erantzun ona» izan dutela eta nonbaitetik deituz gero, «gustura» joanen direla gehitu dute: «Hemen burbuila batean bizi garela iduri du, baina halako gaiak landu beharrekoak dira, errealitatea hori delako, eta nahitaezkoa da gaur egungo ikasleei halako egoeren berri ematea. Akaso guk kontatukoa adituta norbaiti zerbait geldituko zaio».
Ez batek, ez bertzeak, ez dute atzendua han bizitakoa eta ikusitakoa, eta ez dute atzenduko: «Halako gauza bat zuzenean ikusten duzularik, ikuspuntua betiko aldatzen da. Joan aitzinetik abisatu ziguten hango egoera gogorra dela, baina bertatik bertara ikusita ohartzen zara zein den egiatan errealitatea. Gezurra iduri du munduan holako zerbait gertatzen ari dela».
Elkartasuna eta gastronomia uztartuzBeharra duenari egunero otordu duina ematea. Elkartasuna eta gastronomia uztartuta, hori du helburu Zaporeak elkarteak, zehazki, Europara ailegatzen diren errefuxiatuei jatekoa ematea. 2012an Donostiako Intxaurrondo auzoan sortu zuten elkartea, eta geroztik, boluntarioak oinarri dituela, halaxe segitzen du, «harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko asmoz», jatekoa prestatu eta banatzen. Gaur egun, Greziako errefuxiatuen eremuetan lan egiten du, baina lehenagotik, Etiopiako Wukro eskualdean ibili zen, 2012tik 2015era. 2016tik Grezian dabil: 2017ra arte Kios uhartean; 2017tik 2018ra Patrasen eta Atenasen; eta 2019tik Lesbosen. Euskal Herriko gizartearen elkartasuna du Zaporeak-en proiektuak abiapuntu. Hemen egindako janari eta diru bilketekin, bildutakoa Lesboseko biltegira bidaltzen du. Konparazio batera, urteko lehenbiziko lau hilabeteetan, bi kontainer bidali zituen 50.000 kilo elikagairekin, «dena egiten diren bilketa, dohaintza eta ekitaldiei esker». Eta han, Lesbos uharteko kanpamentuan dauden errefuxiatuentzat, egunero 3.000 otordu kozinatu eta banatzen ditu. Jatekoa, berriz, Lesbosera joaten diren zortzi laguneko boluntario taldeen eta errefuxiatuen laguntzarekin prestatzen dute. Errefuxiatuen egoeraTurkiatik hurbil izaki, Lesbos uhartea Europara sartzeko sarbide nagusietako bat bilakatu da euren herrialdeetatik eskapu Egeo itsasoa zeharkatzen duten iheslarientzat. Baina Zaporeak elkartearen arabera, «Europako Batasunak ez du asilo eskatzaileei harrera duina eskaintzeko asmorik, eta Greziako uharteetako errefuxiatuen eremuetan izugarrizko jende pilaketak sortu dira azken urteotan». Datuak ere eman ditu: «Lesboseko Moriako kanpamentuan, adibidez, gobernuak 20.000 lagun baino gehiago pilatu zituen 3.000 lagunentzat diseinaturiko espazioan, oinarrizko beharrak ase gabe». 2020ko irailean Moriak su hartu zuen, eta Lesbosen bertze kanpamentu bat eraiki zuten, egun Moria 2.0 izenaz ezaguna. Baina Zaporeak-en hitzetan, «Greziako errefuxiatuen eremuetako egoerak hagitz kritikoa izaten segitzen du. Milaka lagunek kanpin denden eta karpen artean pilatuta segitzen dute, euren giza eskubideak urratuz eta eguneroko duina izateko oinarrizko baliabiderik gabe». Gainera, «egoerak okerrera» egin duela ohartarazi du, «gero eta txalupa gehiago ailegatzen baitira uhartera. Urteak daramatzagu milaka pertsonak gerretatik, indarkeriatik, gosetik eskapu segitzen dutela ikusten. Greziako uharteetara ailegatzen dira asilo bila, eta jendez gainezka dauden kanpamentuak aurkitzen dituzte», baita «arreta medikua, elikadura eta hezkuntza bezalako oinarrizko zerbitzuen eskasia» ere. Garaiaren arabera, gehiago edo gutiago, baina Lesboseko kanpamentuan 6.000 bat lagun bizi dira (Afganistandik, Afrikatik, Palestinatik, Siriatik... joanak), eta kanpamentuak 4.000 baino gutiagorentzako tokia du. Egoera ikusita, Zaporeak erakundearentzat nahitaezkoa da «jendearen, erakundeen eta enpresen babesa, gure helburua bete ahal izateko». |