Berako Kanttonberri karrikako lanak azken fasean sartu dira

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 23a, 16:00

Udaberria zen Kanttonberri eta inguruko karriketako lanak hasi zirenean, eta udazkenarekin batera bukatuko dira. Aste honetan edo heldu den aste hasieran irekiko dute oinezkoentzako Kanttonberri karrika, eta azkeneko lanak bukatuta, azaro erdialdean irekiko dute trafiko arruntarentzat

«Gure aitzinean ditugu auzoko espaloi berri zabalak eta plaza berri dotorea, eta ikusezina bada ere, gauzarik inportanteena, azpiegiturak erabat berrituak: ur sare berria, kable sarea eguneratua eta segurua, argiteria berria eta egokia, ur zikinen eta euri uren kolektore efizienteak...», nabarmendu du udalak.

Eskerrak eman dizkie udalak  lanengatik eragozpenak izan dituzten auzokideei, merkatariei eta baita dendetako bezeroei ere erakutsitako pazientziagatik, errespetuagatik eta ulermenagatik. Era berean, enpresa eraikitzaileko langileen lana eta jarrera ona ere eskertu ditu. 

Era berean, Kanttonberriko karrika berrien trafikoaren eta aparkalekuen ezaugarriak eta baldintzak oroitarazi ditu berriz ere, eta horiek betetzeko eskatu du. 

  • Kanttonberri eta Legia karrikek oinezkoentzako lehentasuna izanen dute. Autoek gehienez 20 km/h-ko ibiltzen ahalko dira. 
  • Kanttonberriko sarrera Eztegarako zubitik bakarrik egiten ahalko da eskuinera biratuz, ekialdean egin duten karrika berritik, Laboral Kutxaren gibeleko aldetik. Altzatetik Legia karrikarako sarbidea, berriz,  bizilagunentzat bakarrik izanen da eta dagoeneko instalatuta dagoen bolardoaren bidez kontrolatuko dute. 
  • Egoitzako karrika berrirako sarbidea Legiatik izanen da eta mugatua egonen da egoitzarako, garajeetara sartzeko eta zerbitzuetarako. 
  • Inguruko aparkalekuak araututa eta behar bezala seinaleztatua egonen dira. Horretarako, udalak eskaera zehatza egin die gidari denei arauak betetzeko, «udaltzainak isunarenekin mehatxatu arte itxaron gabe». 
  • Plaza batzuk denbora mugatuko aparkalekuetarako gordeko dituzte, gehienez ordu batez ibiltzeko. Zehazki Kanttonberri barreneko 14 plazak kontrol sistema batez bidez arautuko dituzte. Sistema hori automatikoki aktibatuko da, eta, gehienezko ordubetea igarotzen denean argi gorria piztuko da totemean. Horrek adieraziko du plaza hori libre utzi beharko dela isuna saihesteko. 
  • Arauzko bereizgarri berdea duten egoiliarrentzat erreserbatutako bertze 14 aparkaleku ezarriko dituzte, eta ezinduentzako aparkaleku bat ere ezarriko dute, gehienezko 24 orduko iraupenarekin
  • Zamalanetarako bi gune ere ezarriko dituzte dendetako zamalanetarako ibilgailuek bakarrik erabiltzeko, eta jarduera hori egiteko gehienez 20 minutu izanen dituzte. Arras debekatua egonen da bertzelako autoak zamalanetarako plaza horietan gelditzea edo aparkatzea, plaza horiek oinezkoentzako gunetzat hartuko baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun