Urriaren 19an Etxalarko gazteek antolatutako mus txapelketarekin hasi zen Usategietako Igandeko asteburua. 23 bikote aritu ziren lehian eta txapeldunak Aitor Telletxea eta Joseba Aranburu izan ziren eta txapeldunordeak Pedro Lasaga eta Lander Lasaga. Patata tortilla txapelketak hartu zuen frontoia jarraian. 35 talderen tortillak epaitzen lan zaila izan zuen Axun Maiak, Joseba Irazokik eta Ana Indaburuk osatutako epaimahaiak. Irabazlea Kataisha Narroren, Oihane Goienetxeren eta Nerea Iparragirren tortilla izan zen.
Igandean, eguraldi ederra lagun, herritarrek eta kanpotik etorritako jende aunitzek aprobetxatu zuen goiza Usategietan itzulia egin eta Lizarietan Altxatak paratutako postuan taloa jateko. Arratsaldean berriz, frontoian ostatua, Modestorekin dantzaldia eta bingoa izan ziren.
Sareetan 26 dozena uso zituzten harrapatuak
Usategietan ere igande mugitua izan zuten; bortz dozena eta zortzi uso harrapatu baitzituzten sareetan (11 pagauso eta gainerakoak txolomak). Usategietako Igandera arte, 26 dozena zituzten harrapatuak.